"Aldatu egin dugu ibilbidea aurten, eta ziklistek eskertu egin digute", jakinarazi du Alberto Altubek, antolatzaileak. 73 heldu eta 33 neska-mutiko elkartu dira, bizikletak aldean, mendi buelta egiteko. Helduek irten dute lehenengo eta 28 kilometroko ibilbide dotorea egin. Ez du aparteko zailtasunik izan, gainera; Dorletatik Leixargarate aldera, antena dagoen tokira, dagoen igoera izan da gogorrena. "Behin hori igota paisaia zoragarriarekin jaitsi direla adierazi digute, Arabako urtegia bistan", esan du Altubek eta gaineratu: "Asko ibiltzen direnak eta ondo prestatutakoak etorri dira, segituan zeuden bueltan eta!".
Umeek, iaz baino gehiagok, ostera, Dorletako santutegira joan-etorria egin dute, inolako arazorik gabe.
"Eguraldia lagun izan dugu eta ez da inolako arazorik egon. Martxan izan direnak pozik ikusita antolatzaileok oso gustura gaude". Irteera bukatzeko ohikoak diren zozketak egin dituzte; besteak beste, urdaiazpikoa, gazta eta Jakioneko produktuak oparitu dituzte.