Gorputza mugituz hasiko dituzte Andramari jaiak gatzagarrek; izan ere, swing ikastaro herrikoia izango dute eguenean, Paula de la Fuenteren eskutik. 17:30ean izango da ikastaroa, herriko plazan, eta pauso batzuk ikasi ondoren, dantza egingo dute animatzen diren herritarrek.
Talde handiak, herri txikian
Egubakoitzean, kontzertuen gaua izango da. 22:30ean hasita; D-Skarga, Criminal Remains eta Arkada Social taldeak izango dira oholtza gainean. Aretxabaletako D-Skarga talde gazteak ska doinuak eramango ditu. Criminal Remains taldeak, berriz, grabatu berri dituen kantak eskainiko ditu lehen aldiz. Talde honetako partaideak ere aretxabaletarrak dira, baina bi gatzagar ere badaude taldean, biak gitarra-joleak. Jose Ayudarte eta Beñat Agirreaurreta, hain zuzen ere. Amaitzeko, Arkada Social punk-rock taldea izango da gaueko talde izarra. Bailaran ezaguna den talde arrasatearrak Sin mirar atras tourreko azken kontzertuetako bat eskainiko du Gatzagan.
Zapatuan, berriz, Aldo Mila & Bandaren musika afrikar tradizionala entzuteko aukera izango da 23:00etan. Aldo Mila Angolako musikaria da, eta Gasteizko hainbat musikarirekin izango da herrian (Ricardo Urrutia gitarra-jolea, Nando de la Casa perkusioa, Txefe Ferroni Saxoa eta Alberto de la Casa Baxu-jolea). Gauari amaiera emateko, berriz, Fan&Go Zarauzko erromeria taldea igoko da oholtzara.
Azken egunean, berriz, Adarhots taldea egongo da 13:30ean. Gasteizko taldea hamabi lagunek osatzen dute, eta taldekide guztiek tronpak jotzen dituzte. Errepertorio osatua eramango dute Gatzagara: pelikuletako soinu bandak, euskal kanta tradizionalak eta musika klasikozko piezak joko dituzte besteak beste. Saioa herriko plazan hasiko dute, baina ondoren, Soran Etxea hotel aurrera joango dira kontzertuari amaiera ematera.
Hainbat berrikuntza egitarauan
Swin ikastaroaz gain, egubakoitzean, Jin&Jan kantu bazkari herrikoia egingo da frontoian, 14:30ean. "Bakoitzak bere bazkaria prestatuko du, baina arroza oinarri hartuta egiteko eskatu diegu herritarrei. Izan ere, arrozarekin errezeta ezberdinak prestatzen dakitenak daude herrian, eta, hala, menu ezberdinak ikusteko eta egiten ikasteko erabaki dugu hala egitea" adierazi du Joanes Mendizabal kultura zinegotziak. Bazkaria alaitzeko, berriz, Sei Pistols eta Trabuko Bat taldea izango da oholtza gainean.
Zapatuan, aldiz, kintoen arteko jolasak egingo dira elektrotxarangarekin animatuta. Hala ere, urte berekoekin edo kuadrillaka egin beharrean, hamarkadaka banatuko dituzte partaideak.