Gaurkoan bigarrena, Euskaldun lehiaketako maillota jantzi duen txirrindularia, Fundacion Euskadiko Egoitz Fernandez izan da, 2 segundotara, eta hirugarren, 3 segundotara, Marcos Jurado. Debagoieneko azkarrena Iker Eskibel eskoriatzarra izan da. Azken kilometroetan erasoaldia egin du Eskibelek baina ezin izan du helmugara lehenengo postuan heldu; bosgarren heldu da, Lopezetik 9 segundora.
Azkarra eta borrokatua
Hasierako itzulia tropelean egin duten arren Gatzagara egindako lehenengo igoeran taldea apurtuz joan da eta indartsuenak geratu dira aurreko taldean. Lasterketa gogorra eta azkarra izan dela esan dute txirrindulariek, eta azken kilometroetarako indarrak gorde dituzte guztiek. Azken itzulian Eskoriatzako biribilgunea pasatu ostean, hiru txirrindulari ihes eginda zeudela zirudien hala ere, Mazmelara heldu orduko berriz ere aurrean zeuden txirrindulariek harrapatu dituzte eta azken kilometroetan erabaki da lasterketa. 9 segundoko tartean hamaika txirrindularik gurutzatu dute helmuga.
Dorletako Ama sariaren 39. edizio honetan 152 txirrindularik hartu dute parte, eta erokiko bat egon den arren, ez da bestelako arazorik egon. Gaurko talde onenaren saria Baque taldeak eraman du eta mendiko txirrindulari onena Caja Ruraleko Jon Irizarri izan da.