Ibilbidea urterokoa izango da, hor ez dago aldaketarik. Gatzagan hasi eta Eskoriatza aldera hartuko dute ziklistek. Lehenengo jaitsiera errepide zaharretik egingo dute, baina gainontzekoetan Arlaban jaitsiko dute. Eta, Arrasateraino joan ostean Eroski pasa eta Epeleko biribilean buelta erdi emanda hartuko dute ostera ere Gatzagarako bidea. Hiru joan-etorri egingo dituzte horrela, eta azken igoeran erabakiko da proba.
Iaz Fran Zurita izan zen onena
Azken urteotan parte-hartze oso polita izan du Gatzagako igoerak. Iaz, esaterako 152 ziklista batu ziren irteera puntuan, eta Infisport taldeko Fran Zurita izan zen onena, helmuga baino 200 metro lehenago erasoa jota –92 txirrindulari heldu ziren helmugara–. Duela bi urte, berriz, Juan Ignacio Perezek nagusitasun handiz irabazi zuen.