Mundumira ordezkatuko duen 'Puntaik Punta' jaialdia aurkeztu dute Leintz Gatzagan

Eneko Azurmendi 2016ko mai. 13a, 11:30

Mundumiraren ordezko jaialdia izango da Leintz Gatzagan ospatuko duten Puntaik Punta jaialdia, Debagoieneko bidezidorren jaialdia ere deiturikoa. Ekintzaz beteriko asteburua izango da, ekainaren 10etik 12ra bitartekoa.

Debagoieneko Mankomunitateko turismo sailak sustatutako ekimena da, hain zuzen ere, bailarako turismoa eta mendizaletasuna bultzatzeko helburuarekin jaio dena, Joanes Mendizabal Leintz Gatzagako kultura zinegotziak azaldu duenez. Izan ere, Debagoieneko turismo baliabideen artean, mendi eta inguru naturalak "oso aktibo garrantzitsuak" dira. Horregatik, hauek "ezagutarazi eta balorean jartzea" da jaialdi honen helburua, Mendizabalen esanetan.

Bestalde, zinegotziak gaineratu du eskualdean badagoela ondo errotutako mendizaletasun bat. "Euskal Mendizale Federazioa Elgetan sortu zen eta goi mailako zenbait mendizale eta eskalatzaile ere bailarakoak ditugu", adierazi du.

Lehenengo edizioa, esan bezala, Leintz Gatzagan ospatuko da, eta urtero Debagoieneko herri batek lekukoa hartzea da asmoa. "Datorren urtekoa Bergaran izan daiteke, bertako mendi taldearen 50. urteurrenarekin bat egiten duelako, baina oraindik ez dago ezer ziurtatuta", dio Joserra Zubizarreta Mankomunitateko Garapen Ekonomikoko Batzordeburuak.

Leintz Gatzaga moduko herri batendako, zalantzarik gabe, erronka garrantzitsua da. "Herri txikia izanik, erronka gogorra da guretzat, baina aldi berean, ilusioz gogoz hartu dugu eta aukera polita ikusten dugu gure herria, basoak eta ezkutuko bazterrak ezagutzera emateko", onartu du Mendizabalek.

Antolakuntzan buru belarri ari dira lanean. "Martxoa erdi aldean hasi ginen lehen bilerekin eta astero elkartzen gara egitaraua eta antolaketa lantzeko. Bilera irekiak dira eta edonork parte har dezake", dio zinegotziak. Oraingoz 20 pertsona inguru ari dira antolakuntzan, baina datozen egun eta asteetan jende gehiago batzen joatea espero dute, "lan handia" dago eta egiteko.

Lehenengo aldia izanik, nabarmendu du ez daudela ziur jaialdiak hartuko duen dimentsioarekin, baina bertaratzen direnak "asebeteta eta gustura" geldituko direla uste du Mendizabalek. "Landa ingurune paregabean bizi gara eta altxor ezkutu asko gordetzen dituzte gure baso eta mendiek", azaldu du baikor.


Ekintzaz betetako asteburua

Esan bezala, ekainaren 10, 11 eta 12ko asteburuan ospatuko dute festa hau, eta hainbat ekintza eta emanaldi egongo dira.

Hitzaldiak, azoka, tailerrak, diaporamak, mota desberdinetako mendi-martxak, kontzertuak eta abar prestatu dituzte. Kontzertuetan, nabarmentzekoak dira Bad Sound System, Los Zopilotes Txirraus eta Malick reggae band taldeak. Bestalde, kubatar musika egiten duen Tik Tara taldea eta ska musika lantzen duen Akatz taldea ere izango dira.

Eskalada jardunaldiak ere egingo dituzte kalean zehar, street boulder deritzona egiten. Bestalde, rappela, tirolina eta beste hainbat ekintzaz gozatzeko aukera ere izango dute gazteek. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak