"Mendi ibilaldien jaialdirako herritarren laguntza eta parte hartzea bultzatzea nahiko genuke"

Atzo egin zuten herri batzarra.

Herri batzarra egin zuten atzo Leintz Gatzagan, ekainean egitekoa den mendi ibilaldien jaialdia antolatzeko. Joanes Mendizabal batzordekideak laguntzeko eta parte hartzeko deia luzatu die herritarrei.

Mankomunitateko Turismo Sailak bultzatuta, Mendi ibilaldien jaialdia ospatuko dute, ekainaren 10, 11 eta 12ko asteburuan. Mundumira ekitaldiaren oinordekoa kontsideratzen dute askok jaialdi hau, baina landatar eremura bideratuta.

Izan ere, mendizaletasuna eta honen inguruko ekintzak bultzatzea du helburu ekimen honek. Aipatutako asteburuan azoka bat egingo dute eta bertan mendi materiala, mendi eskolak, gida turistikoak, liburuak, mapak eta beste hainbat gauza egongo dira.

Gazteentzako eskalada tailerrak antolatuko dira, tirolina bat ere muntatuko da eta inguruko ur-jauzietan barrena rappel bat ere egingo da. Horrez gain, kontzertuek eta antzerkiak ere beraien lekua izango dute asteburu honetan. Halaber, txosna bat ere egongo da.

Hau guztia antolatzeko batzar bat sortu dute herrian eta jende gutxi dagoela nabarmendu du Joanes Mendizabal bertako kideak: "Jende gehiago animatzea gustatuko litzaiguke. Lan dezente dago egiteko eta asteburuak pena merezi duela uste dugu", azaldu du.