Izan ere, aparkaleku berria estrategikotzat du Leintz Gatzagako Udal Gobernuak, eta hala dago jasota 2016rako aurreikusitako inbertsioen atalean: inbertsioetara bideratutako 22.500 euroetik zatirik handiena aparkaleku berria egokitzeko erabiliko dute, besteak beste, eta Leintz Gatzitzen egitasmoaren barruan, turismoa erakartzeko, Gatz Museoak izaten dituen bisitei –autobusei, bereziki– lekua egiteko.
Zentzu berean, 2016ko aurrekontutik –452.779,98 euro– gastuetarako gordetako partidarik handiena ondasun arrunten erosketara bideratuko du Udalak: "Aparkalekuaren bigarren faserako lursailak erosi egin behar dira", jakinarazi du alkateak.
Iazkoa abiapuntu
Bestalde, aurrekontuarekin segituz, Hirigintzara, Ogasunera… hau da, Udal Gobernuaren ohiko sailetara bideratutako partidak iazko aurrekontuan zeudenen antzerakoak izango dira: "Gure lehen urtea izanda, nahiago izan dugu hura oinarri hartuta lan egin; gero, beharren arabera, joango gara egokitzen edo aldaketak egiten", esan du Zankadak.
KZgunea kendu
Horrekin batera, alkateak jakinarazi du KZgune zerbitzua kendu egingo dutela, oso erabilera txikia duelako. Edozein modutan, bertako hiru ordenagailuak kultura etxera eramango dituzte. "Bi ludoteka-gaztelekuan jarriko ditugu eta bestea lehen solairuan, herriko taldeendako, eta, akaso, hitzaldietan-eta erabiltzeko". Internet zela jarri aztertzen dabiltza, wifi bitartez edo bestela.