Han autobusa hartu, eta Olaun aldera joko dute, gero mugaraino iristeko asmoarekin. Handik Gatzagainera jarraituko dute, eta, Goierri auzoa bisitatu ondoren, erdigunean bukatuko dute Gabonetako kalejira, 14:30-15:00 bueltan elkartean bazkaria eginda. "Norbaiti goizegi iruditzen bazaio, 12:00-12:30 aldera aukera izango du gurekin bat egiteko Gatzagain inguruan", esplikatu du Aitziber Gorosabelek, Gurel elkarteko ordezkariak.
Aurten, Leintz Gatzagako trikiti eskolako trikitilariek jarriko dute musika, eta, ohiturari eutsiz, Udalak argitaratutako egutegia emango diete opari bisitan hartzen dituztenei, eta aurten baita museoan ekoiztutako gatz paketetxo bana ere.
Urtarril hasieran
Bestalde, Olentzero egunaz gainera, beste bi hitzordu ere izango dituzte aukeran gatzagar gaztetxoek. Batetik, urtarrilaren 2rako eta 4rako egun osoko ludoteka jardunak prestatu dituzte bertako begiraleek: 10:00etatik 18:30era. Amaia Elizagoien ipuin-kontalariaren laguntzarekin eta Garazi Orobengoa eta Ander Larrañaga begiraleekin batera, besteak beste, herrian bideo grabazio bat egingo dute urtarrilaren 2an; eta 4an, berriz, hori erakutsi. Eta urtarrilaren 5ean, 7an eta 8an, Beñat Agirreurretarekin patinaje ikastaroa izango dute, 17:00etatik 18:30ak arte, pilotalekuan. Azken hitzordu horretarako aldez aurretik izena eman beharra dago.