Ate-ireki ekitaldia eta hasierako batzarraren ondoren, 12-15 neska-mutiko inguru azaldu dira ludotekan izena emateko asmoarekin. "Edozein modutan, orain izena eman ez duen umeren bat balego, urtean nahi duenean du hori egiteko aukera", esplikatu dute ludotekaren antolatzaileek, Gurel elkarteko ordezkariek.
Hiru urtetik aurrera
Bestalde, ludotekak aurten berritasunak izango dituela ere aurreratu dute Gurelekoek. Hasteko, bi begirale izango ditu, biak ala biak, udalerrikoak: Garazi Orobengoa eta Ander Larrañaga.
Bestetik, begiraleek ludotekaren gainean Gurel elkarteari aurkeztutako proposamenaren arabera, astero gai jakin bat landuko dute neska-mutikoek: ipuinak, marrazketa, argazkigintza, jaiak…
Eta azkenik, aurten 3 urteko umeak ere joan ahalko dira ludotekara. Hori horrela, 3-11 urte bitarteko neska-mutikoendako zerbitzua izango da.
Ekimen berriak
Gureli dagokionez, berriz, kide berriek osatu dute elkartea aurten: Joannes Mendizabal, Aitziber Gorosabel, Aitor Mendibil eta Myriam Toapanta. Otsailera arte bere horretan segituko dute, baina otsailean Mendizabalek elkartea utzi egingo du eta haren partez beste kideren bat sartu beharko da. Ludoteka zerbitzua, Gabonetako ekitaldiak… urterokoak direnak antolatzeaz gainera, talde berriak ekimen bereziak egin gura dituela iragarri du.