Apuntatu beharreko hitzorduetako bat domeka goizekoa da. 09:30ean plazatik aterata, mendiko bizikleta zeharkaldia antolatu dute, beste behin ere.
Mendi bizikleta martxa jada andramaixetako tradizio bihurtu dela esan daiteke. Beti bezala, bi ibilbide izango dira, bata nagusientzat eta bestea, laburragoa, gaztetxoentzat.
Trialsin erakustaldia
Egun berean eta bizikletarekin jarraituaz, arratsaldean, 19:00etan hasita, trialsin erakustaldia izango da plazan, Espainiako txapeldun izandako Aitor Murua gazte aretxabaletarraren eskutik. Bizikleta gainean geldi-geldian jauziak egin eta oztopoak gainditzean datza kirol ikusgarri hori.
Pilota txapelketa
Domekako kirol hitzorduekin jarraituaz, 18:00etatik aurrera pilota txapelketako senior eta promes mailetako finalak jokatuko dituzte pilotalekuan.
Seniorretan, Zubiria berrobiarrak eta Arratibel ataundarrak osatutako bikotea Soraluzeko Atxutegiren eta Arrasateko Bolinagaren aurka arituko da. Promes mailan, Peña (Beasain)-Salegi (Zestoa) eta Garate (Arrasate)-Martinez (Bera)-en artean jokatuko dute txapela.
Irailaren 27an jokatuko dituzte gainontzeko finalak. Mauri Zubillaga antolatzaileak dio "munduko txapelketarik luzeena" dela Leintz Gatzagakoa.