Jaietako motorrak berotzen hasteko, arratsaldeko seietan hasita Deskarga taldeak kontzertua eskainiko du, gaueko jaialdiaren aurrerapen gisa.
Lau talde izango dira gaueko hamaiketatik aurrera eszenatoki gainera igoko direnak: Fourscore gasteiztarrek eta Worth it bizkaitarrek hardcore doinuak jorratuko dituzte. Aretxabaletako Criminal Remainsek eta Crap taldeek, berriz punk-rock estiloko musika egiten dute.
Zapatuko kontzertuak
Zapatuan, aldiz, herri afariaren ostean Kodigo Norte gasteiztarren txanda iritsiko da, 23:00an.
Rap eta reggae estiloak uztartzen ditu 2004an Arabako hiriburuan sortutako talde horren musikak. DJ Lororen laguntzaz gizarteari zuzendutako kritikaz jositako abestiak egiten dituzte gasteiztarrek.
Lehen kontzertuaren ostean, dantzarako tartea izango dute gatzagarrek. Fan&Go talde zarauztarraren erromeriak gaueko ordu txikiak arte girotuko du gaua euskal abesti ezagunekin.
Musika mexikarra
Aurten, mexikar doinuek protagonismo berezia izango dute Leintz Gatzagako andramaixetan.
Hasteko, zapatu iluntzean, mexi-poteoa egingo dute Los Soraluzeños taldekoen musikaz lagunduta. Ondoren, herri afaria izango da, 21:30etik aurrera.
Hurrengo egunean, berriz, Txamukos mariatxien rantxerek alaituko dute egunaren amaiera iluntzeko zortzietan hasita.