Eguerdirako egin dute hitzordua Leintz-Gatzagan, eta herriko trikitilariak izan dira kalez kale dei egiteko ardura hartu dutenak. Apurka-apurka pilotaleku aurrean elkartu dira gonbidatu guztiak.
Gasteizko Euskal Preso Politikoen Senideak elkarteko kideak ziren gehienak. Gatzagara gonbidatu dituzte gaur bigarrenekoz ikasturte amaierako bazkaria egitera. 50 bat lagun etorri dira Arabatik, eta 20 bat herritar gehitu zaizkie bazkaria egiteko.
Elkarteko kide Javier Iriartek azaldu du urtean zehar hilean bitan egiten dutela batzarra, eta uda sasoian bazkari bat antolatzen dutela harremanak indartzeko eta elkarrekin une atsegin bat igarotzeko. "Iaz etorri ginen lehenengo aldiz Gatzagara urteroko bazkaria egitea, eta harrera oso polita jaso genuen. Horregatik errepikatzen dugu", azaldu du.
Senidea 700 kilometrora
Gasteizko Euskal Preso Politikoen Senideak elkartetik jakinarazi dute urtea oso gogorra dela. Egun 30 bat preso arabar daude. "Egoera betikoa da; gehienak oso urrun daude. Bataz beste, Gasteiztik 700 kilometrora", azaldu du Iriartek. "Baina badugu kezka handi bat Villabonako espetxean (Asturias) dagoen Abetxukorekin". Jose Ramon Lopez de Abetxuko Likiniano presoa gaixorik dago, eta azaldu dutenez egoera oso larria da.
Bazkaria eta fusio ikuskizuna
Espetxean dituzten senideak ahaztu barik Leintz-Gatzagan prestatu dieten bazkariaz gozatzera etorri dira arabarrak. Pilotalekuan egin dute bazkaria, eta ostean kantuak, irakurketa saioak eta opariak izan dituzte. Berriketan taldearen emanaldia ere ikusi dute. Askoa Etxebarrieta La Pulga-ren taldeak txalapartarekin fusionatu du bere flamenkoa.