"Turismoari bultzada eman eta aberastasuna ekartzeko ahalegina egingo dugu"

Ubane Madera 2015ko eka. 27a, 08:00
Eneka Zankada alkatea, udaletxeko bulegoan lanean.

Leintz Gatzagan gainontzeko herrietan baino aurreratuago dabil Udal Gobernu berria, berorrek dituen ezaugarri berezien ondorioz, asteak daramatzate-eta lanean. Erabaki batzuk hartuta dituzte. Eneka Zankada alkateak eman ditu xehetasunak.

Batzordeak izendatuta dituzue?
Bai. Ixidor Salaberri arduratuko da Ogasunaz; Zerbitzuak eta Hirigintza arloaz, berriz, Roberto Otazu, Mendiak Saila Juan Bengoak hartuko du, Kultura Joannes Mendizabalek eta Zerbitzu Sozialak eta Turismoa neuk.
Noiz arte? Izan ere, iragarri zenuten txandakatzeko asmoa zenutela…
Ikusi egin behar zela funtzionatu behar dugun; zenbat lan ematen duen bakoitzak… Orain arte Mankomunitatean batzar asko izan  dira, baina ez dakigu hemendik aurrera zela izango den; beraz, ikusi egin behar. Ez dakigu karguak izango diren bi urterako, baterako, laurako…
Osoko bilkurek bi hilean behin izaten jarraituko dute?
Lehenengoa izango da uztailaren 2an, eguena, 08:30ean. Izendapenak formalizatu behar dira eta beste zerbait ere landuko dugu. Gehienek goizez egiten dute lan, eta denondako errazago izateko egingo dugu horrela. Maiztasuna, berriz, gai kopuruak finkatuko du.
Lan zehatzei begira, zein izango da lehentasunezko proiektua?
Martxan daudenak: aparkaleku berriak eraikitzea –10-15 bat, eta obra hasita dago–, ura eramatea falta zen azkeneko baserrira –Aterbe– eta ea Gatz Museoaren kontzesioa zertan geratzen den.
Eskola txikia izan zen iaz bultzada eman zitzaion proiektuetako bat. Adostu zen jantokia egokituko zela. Aurrera doa ekimena?
Nahi diogu beste bultzada bat eman. Jantokiari dagokionez, ez dakigu irailerako posible izango den. Hori bai, Jakioneko bulegoak lekuz aldatu behar direnez, espazio hori apurtxo bat txukunduko dugu, behintzat, umeendako lekua egiteko, eta ea posible den hori ikasturte hasierarako gertu izatea. Auzolanean egingo dugu.
Hondakinen bilketari dagokionez, selektiboki egiten segituko duzue nahiz eta Mankomunitatean oso posible den edukiontzien alde egitea?
Berdin segituko dugu. Oso herri txikia da, denok ez gara ados egongo denean, baina dirua inbertitu zen, gastua eginda dago, eta hori mantentzeko apustua egingo dugu.
Turismoari bultzada emateko ahalegin handia egin da urteotan; bide horretatik segituko duzue?
Asmoa dugu, talde moduan, turismoari bultzada emateko. Ikusten dugu gure herrian aterabide indartsua duela turismoak. Jakion joan egingo da; beraz, diru sarrera handia izango da turismoa eta hori indartzen jarriko dugu guztia gure aldetik. Ahaleginak egingo ditugu horri bultzada emateko eta herrira aberastasuna ekartzeko.
Besterik gura baduzu…
Kargu-hartze ekitaldia oso polita izan zen. Gatzagako emakumeek zintzilikarioa oparitu didate, Sorginek, sorgintxo batena. Eta trikitia eskolako neska-mutikoek bertso bat, trikitiarekin lagunduta. Beraz, oso-oso hunkigarria izan zen, jende asmoa etorri zen eta hori ere pozgarria da niretzat.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak