Xehetasunetan sartuta, auzolanarekin hasiko dute zapatua. 09:00etan elkartu eta Bengoerrekarako bidea hartuko du herritar talde batek. "Itxitura bat egingo da han eta gero iturri inguruko elementuak konpondu (barbakoa, jokoak…)", kontatu du Eugenio Otsoa jarduneko alkateak.
Bigarren hitzordua, berriz, 09:30-10:00ak aldera izango da, herri barruan. "Garbitu, txukundu, loreak jarri… halakoak egingo ditugu, umeekin batera", dio Otsoak.
Behin auzo lanak bukatuta, asmoa da 13:30ean udaletxerako bidea hartzea, herritarrak ere kargu-hartzearen partaide izan daitezen.
Bazkaria, pilotalekuan
Eta horren ondoren etorriko da herri bazkaria (14:30ean). 120 nagusik eman dute izena eta 15-20 bat ume bertaratuko direla uste dute antolatzaileek. Egunotako eguraldia ikusita, seguru aski pilotalekuan egin beharko dute oturuntza. Menua, gozo askoa: patatak saltsa berdean almejekin, saiheskia eta postrea. Eta horren osagarri, sorpresak iragarri dituzte. Besteak beste, lehen ikasturtea izan duen trikitia eskolakoek saioa egingo dute bazkalostean, gonbidatu bereziak izango dira…