Emaitza eskuartean, zelako irakurketa egiten duzu?
Bagenekien bertakoak aterako zirela. Positiboa da. Azken lau legealditan lehen aldia da alderdi bakarra aurkezten dena. Aurrekoetan PP ere aurkeztu izan da. Beraz, egoera horrekin lasai geunden. Hemengo taldea atera da eta horrek, lehena, oraina eta geroa bermatzen ditu. Hori nahi genuen; eurek izango dute hurrengo lekukoa, eta ikusiko dute ze gauza egin ditugun, onak, txarrak eta hobetzekoak. Eta hortik aurrera, badaukate laguntza bermatuta eurek nahi duen arte.
Leintz Gatzagako Hautesle Elkartearen kasuan (oraingoa eta datorrena) dagoeneko hasita zarete lanean; bereziki, non edo ze arlotan?
Bai, batez ere, gaur egunera arte egin diren gauzak aztertzen. 2015a denon artean gabiltza ikusten, eta ekainera arte egin diren ekimenen gaineko azalpenak, zergatiak… eman, eta hortik aurrera aurrekontuetan dauden gaietan, adibidez, eurek dute zeresanik handiagoa guk baino. Guk esplikatu egin genezake, baina azkenean eurak asmo jakin batzuekin eta ilusioarekin datoz, eta hemendik aurrerakoa eurek hausnartu beharko dute .
Edozein modutan, lehen aipatu duzu laguntzen jarraitzeko gertu zaudetela; ekainaren 13ko aginte aldaketa gauzatu ostean ere bai?
Guk aurrekoengandik izan genuen laguntza; eskertzekoa da. Haien aurrekoengandik ere bai. Eta nik uste dut hori hemen (Gatzagan) badela ohitura bat. Orain arte ez da kontrakorik gertatu, eta hori da inportantea. Herriarekin lotutako gauza asko egoten dira ikasteko: ohiturak, jaiak… segituan etorriko direnez, gainera, aurretik ditugun esperientziak baliaturik, horiek guztiak errazagoak izango dira talde berriarendako: eremuak ezagutu, mendiak ezagutu, hemen dauden jarduerak ezagutu, urak… behintzat horiek guztiak gaur egun zela dauden ikus ditzatela.
Horrenbeste urtez alkate ( eta zinegotzi) zereginetan ibili ostean (berezko lanbidearen uztartuta), zela ikusten duzu zure etorkizun pertsonala?
63 urte ditut, 64 urtera noa. 60ko hamarkadan sartuta, hirugarren adinera noala ikusten dut eta urtetan alde batera utzita ditudanak landu nahi nituzke: kirol apur bat egin, paseoak, gauzak lasaixeago hartu… hori da nire nahia, nagi puntua ez bazait sartzen… ze hori ere sartzen da –barre–.
Besterik gura baduzu gaineratu…
Euskal Herri osoari begira, neure irakurketa eta desioa beti izan da abertzaleen artean konponbideak topatzen ibiltzea, horrela ibili gara eta ibiliko gara. Eta animatu egin nahiko nuke.