Gizarte zerbitzuetan jarduten duten udalerriko elkarteek zabalik dute 2015eko diru laguntza eskatzeko epea. Hain justu, 2.160 euroko partida du Bideberri Mankomunitateak elkarte horien artean banatzeko eta laguntzok eskatzeko hilabeteko epea eman dute.
Eta epe bera zabaldu dute herrialde pobretuekiko lankidetza programak garatzeko laguntzak eskatzeko. Kasu horretan, 22.576 euroko diru partida du Bideberri Mankomunitateak (Gatzaga, Elgeta eta Antzuolako gizarte zerbitzuen mankomunitateak) halako ekimenei laguntzeko.
Gaztainuzketako txabolak
Bestalde, Udalak lehiaketa abiatu du Gaztainuzketako mendi etxeen lizitaziorako. Hasiera batean lau urterako esleituko dute mendi etxeon kudeaketa, 20 urtera arte luzatzeko aukerarekin. Epeari dagokionez, berriz, interesa dutenek 15 egun dituzte euren eskaintzak aurkezteko. Esleipena eskuratzen duenak, berriz, 70.000 euroko hasierako kanona ordaindu beharko du eta gero hilero beste kanon finko bat, gutxienez, 500 eurokoa.
Memoria tailerra
Eta Udaleko oharrekin bukatzeko, atzo (egubakoitza) hastekoa zen memoria suspertzeko tailerra bertan behera utzi behar izan dute. Arrazoia da hiru lagunek besterik ez duela eman izena, eta tailerra gauzatzeko gutxieneko talde bat osatu beharra zegoela. Udaleko Ongizate Saila ahalegindu da data atzeratzen, baina dirulaguntza batzuk tarteko, ezin izan da.