Gatzagako Hautesle Elkartea izenarekin, bost lagunek osatutako taldeak aurkeztu du hautagaitza maiatzaren 24ko hauteskundeetarako.
Oraingo asteko astelehenean itxi da hautagaitzak aurkezteko epea, beraz, eta ezustekorik ezean, boskote hori arduratuko da datozen lau urteotan Leintz Gatzagako Udalaren kudeaketaz.
Herri mugimendutan ibilitakoa
Honako bost lagunek osatu dute Gatzagako Hautesle Elkartea: Eneka Zankada Rementeriak, Ixidor Salaberri Martinezek, Joannes Mendizabal Guridik, Roberto Otazu Arrutik eta Juan Bengoa Pagaldaik.
"Bilerak egin eta sei laguneko taldea atera zen, baina Gatzagako bizilagun kopurua jaitsi eta 250 biztanletik behera garenez, bostek bakarrik osa dezakegu udalbatzarra", esplikatu du Joannes Mendizabal hautagaiak.
Eta bosten artean, Eneka Zankada dute pentsatuta alkate kargurako. Hala, Gatzagak lehen aldiz izango luke emakumezko alkatea. Gasteiztarra da Zankada, baina 16 urte badaramatza Gatzagan bizitzen; erizaina da lanbidez, eta herri mugimendutan eskarmentu handikoa; besteak beste, azken urteotan Gurelen eta Korrika batzordean jardundakoa. Harekin batera, zerrenda borobiltzeko, esperientzia eta gaztetasuna uztartu gura izan dituzte; baita bertakoen presentzia ere.