Emakumeen hitzorduei dagokienez, batetik, 13:00etan, Ander Larrañaga herrikideak, Mondragon Unibertsitateko ikaskideekin egindako Anonymous film-laburraren emanaldia izango dute. Bi istorio uztartzen dituen laburra da Anonymous: ama-alaba baten arteko kontraesanak, batetik, eta krisiaren eragina, bestetik. Bi sari eskuratu zituen 2014an lan horrek.
Eta emanaldiaren ondoren, bazkarirako hitzordua dute gatzagar andrek. Sasoi honetako jakia den antxumea izango dute, gainera, bazkariko plater nagusi gatzagar emakumeek, bestelako gutizia batzuekin lagunduta, jakina.
Bertsoak eta musika
Bestalde, Leintz Gatzagako Korrika Kulturalaren batzordeak antolatuta bertso musikatuen saioa izango da domekan San Martin parrokian.
Hain justu, Amaia Agirrek (Villabona, 1977), Oihana Bartrak (Bilbo, 1984), Aitzol Barandiaranek (Ataun, 1986) eta Alaia Martinek (Oiartzun, 1987) jardungo dute bertsotan. Musika jartzen, berriz, Eneko Sierrak eta Ixak Arrutik jardungo dute, saxoarekin lehenak eta gitarrarekin, bigarrenak.
Eta bertsolariek Miren Amuritzak (Berriz, 1990) emango dizkien gaietan oinarritu beharko dute saioa.
18:00etan hasiko da bertso-musikatuen emanaldia eta bertaratutakoei borondatea eskatuko diete sarreren prezio modura. Antolatzaileek herritar guztiak eta interesa duten inguruko guztiak gonbidatu gura dituzte ekimenera.