Bizi-bizirik dauden angulak ekartzen dituzte gatzagarrek Korrika datorren bakoitzean; dagoeneko hirugarren aldia da. Ibon Oñederrak Deba ibaian hartutakoak dira, gainera, bertakoak.
Txartelak saltzen ibili dira han eta hemen; atzo goizean, esaterako, Arrasateko baserritarren azokan izan ziren. Eta iluntzean izan zen zozketa. Ikusmin handia zegoen herrian, Aretxabaletatik ere joan zen kuadrilla bat aitzakia horrekin, baina arrain preziatuak etxean geratu ziren, Gure Ametsa jatetxean hain zuzen ere. Zalantza barik goxo-goxoak prestatuko dituzte bertan.