Eguenean aztertuko dute 2015erako udal aurrekontu proposamena

Ubane Madera 2014ko abe. 15a, 08:44

Urtea bukatu aurretik gura du Udalak 2015ari dagokion udal aurrekontua onartu, eta lan-egutegiak aukera gehiagorik ematen ez duenez, oraingo asteko eguenean osoko bilkurara (urteko azkena) eramango du udalbatzak aurrekontu proposamena. Iazkoarekiko aldeaketa larregirik ez duela izango aurreikusten dute.

Aurrekontu proiektua lantzen dihardu udal gobernuak egunotan. Xehetasun larregi ezin da, bada, aurreratu.

Edozelan ere, abiapuntua bada datorren urteko aurrekontu proposamena ez dela, edo hobeto esanda, ezin dela larregi aldatu iazko proposamenetik. Horren arrazoi nagusia da Udalaren diru-sarrerak ez direla aldatu.

482.000 euroko aurrekontua izan du Leintz Gatzagak 2014ko jardunerako. Horren bueltan ibiliko da, bada, datorren urterako kopurua.

Foru Fondoa

Edozein modutan, udalerriko aurrekontuan zeresan edo eragin handia izaten du Udal Finantzaketarako Gipuzkoako diputazioaren Foru Fondoak.

Izan ere, fondo horren %99,85a Gipuzkoako herrialde historikoen udalerrien artean banatzen dute (gainontzekoa EUDEL, Euskal Udalen Elkartea finantzatzeko izaten da). Eta Leintz Gatzagaren kasuan, kopuru baten aldaketak (nahiz eta kopurua ez izan horren handia beste udalerri batzuen ikuspuntutik) gorabehera handia eragin dezake udal aurrekontuan.

Kontuak kontu, Diputazioaren fondoaren kasuan, otsailera arte ezin izango da berritasun larregirik jakin, orduantxe egingo du-eta, Gipuzkoako Foru Aldundiak iazko Fondo Foralari dagokion likidazioa eta horren ondoren etorriko da 2015erako diru banaketa proposamena.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak