Leintz Gatzaga, eskola txikiaren alde

Eskola txikia gura dute gatzagarrek eta gaur, proiektuaren aldeko herri argazkia egin dute bertan. Gatzagatik ez ezik, Angiozartik eta Ezkio-Itsasotik –bi toki horietan badute eskola txikia– ere batu da jendea aldarrikapenera. Horren aurretik, baina, gatzaren eguna aprobetxatuz, neska-mutiko eta gurasoak Gatz Museoan egon dira. Han ikasi dute gatz-lorea ateratzen eta gatzarekin plastilina eta xaboia egiten.

Eskola Txikiaren proiektua aurkeztuko dute gatzagarrek Eusko Jaurlaritzan, izan ere, datorren ikasturtean abiarazi gurako lukete eskola txikia Leintz Gatzagan. "Egingarria dela uste dugu, gutxieneko ratioak betetzen ditugu eta udalaren laguntza osoa dugu", dio Saioa Urrutiak proiektuaren bultzatzaileetako batek. "Hemen sustratzeko aukera eman gura diegu gure seme-alabei, Gatzagak duen ondarea aprobetxatuz, harremanak eta bizitza herrian bertan egin... Bizipoza da herriarendako", gaineratu du.

Beste esperientziak, eredu

Gatzagako herritarrei, Angiozartik eta Ezkio-Itsasotik ere batu zaizkie gaur. Izan ere, horietan errealitate berdintsua dute, nahiz eta bietan egon eskola txikia. "Angiozarkoekin harreman handia dugu, izan ere, duela lauzpabost urte eskola txikia desagertzekotan egon zen han eta egoera horri buelta ematen jakin dute. Orain, osasuntsu dago Angiozarko eskola. Pentsa, Bergaratik ere joaten da jendea hara ikastera. Esperientzia horretatik ikasi gura dugu", dio Urrutiak. Bestetik, Ezkio-Itxasok aurten lortu du eskola txikia herrian; handik ere etorri dira hiruzpalau familia.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.