Eskola Txikiaren proiektua aurkeztuko dute gatzagarrek Eusko Jaurlaritzan, izan ere, datorren ikasturtean abiarazi gurako lukete eskola txikia Leintz Gatzagan. "Egingarria dela uste dugu, gutxieneko ratioak betetzen ditugu eta udalaren laguntza osoa dugu", dio Saioa Urrutiak proiektuaren bultzatzaileetako batek. "Hemen sustratzeko aukera eman gura diegu gure seme-alabei, Gatzagak duen ondarea aprobetxatuz, harremanak eta bizitza herrian bertan egin... Bizipoza da herriarendako", gaineratu du.
Beste esperientziak, eredu
Gatzagako herritarrei, Angiozartik eta Ezkio-Itsasotik ere batu zaizkie gaur. Izan ere, horietan errealitate berdintsua dute, nahiz eta bietan egon eskola txikia. "Angiozarkoekin harreman handia dugu, izan ere, duela lauzpabost urte eskola txikia desagertzekotan egon zen han eta egoera horri buelta ematen jakin dute. Orain, osasuntsu dago Angiozarko eskola. Pentsa, Bergaratik ere joaten da jendea hara ikastera. Esperientzia horretatik ikasi gura dugu", dio Urrutiak. Bestetik, Ezkio-Itxasok aurten lortu du eskola txikia herrian; handik ere etorri dira hiruzpalau familia.