Talo eta ohitura usaina duen feria

Imanol Gallego 2014ko aza. 16a, 15:17

San Milixan feria egin dute gaur, domeka, Leintz Gatzagan. Frontoia artisauen erakustoki bilakatu da, eta jendeak postu ezberdinetatik kuxkuxean aritzeko aprobetxatu du. Beti moduan, Sorginek prestatutako taloak arrakasta izugarria izan dute.

Lehen begiratuan, behintzat, batez ere jatekoak eduki du gaur arrakasta. Frontoira sartu bezain laster, Sorginek prestatzen ari ziren taloaren usainak guztia betetzen zuen, baina San Milixan eguneko feria hori baino askoz gehiago da.

Zenbait unetan frontoia txikiegia zela zirudien, artisauek jende asko erakarri dute-eta. "Feria txikia den arren, oso polita da", zioen herritar batek. Batzuek poltsikoa hutsik zutela esan arren, asko izan dira artisau postuetatik kuxkuxean ibili direnak.

Txirrindularitzako bitxikeriak

Gatzagako plazan Dorletako Ama txirrindulari taldeak, postua ipini du. Eta bertan urteetan zehar txirrindulariek Dorletako amari opari moduan utzitakoak erakutsi dituzte. Besteak beste Miguel Indurainek edo Abraham Olanok oparitutako maillotak ikus zitekeen. Postua baina ez zen erakustea soil bat, taldeak dirua lortzeko zozketa baterako txartelak ere saltzen baitzituzten klubeko kideek.

Margo erakusketa

Kultur Etxean, Ander Aranak egindako formatuko txikiko margolanek ere arrakasta izan dute. Jende asko gerturatu da, herriko artista gazteak, birziklatutako elementuen gainean egin dituen 18 paisaiak ikustera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak