Lehen begiratuan, behintzat, batez ere jatekoak eduki du gaur arrakasta. Frontoira sartu bezain laster, Sorginek prestatzen ari ziren taloaren usainak guztia betetzen zuen, baina San Milixan eguneko feria hori baino askoz gehiago da.
Zenbait unetan frontoia txikiegia zela zirudien, artisauek jende asko erakarri dute-eta. "Feria txikia den arren, oso polita da", zioen herritar batek. Batzuek poltsikoa hutsik zutela esan arren, asko izan dira artisau postuetatik kuxkuxean ibili direnak.
Txirrindularitzako bitxikeriak
Gatzagako plazan Dorletako Ama txirrindulari taldeak, postua ipini du. Eta bertan urteetan zehar txirrindulariek Dorletako amari opari moduan utzitakoak erakutsi dituzte. Besteak beste Miguel Indurainek edo Abraham Olanok oparitutako maillotak ikus zitekeen. Postua baina ez zen erakustea soil bat, taldeak dirua lortzeko zozketa baterako txartelak ere saltzen baitzituzten klubeko kideek.
Margo erakusketa
Kultur Etxean, Ander Aranak egindako formatuko txikiko margolanek ere arrakasta izan dute. Jende asko gerturatu da, herriko artista gazteak, birziklatutako elementuen gainean egin dituen 18 paisaiak ikustera.