Asteon izango dute aztergai datorren urteko tasak izoztea eta zirkulazio ordenantza

Ubane Madera 2014ko aza. 10a, 10:17

Gatzagako udalbatzako hiru kide, Eugenio Otsoa alkatea tartean.

Oraingo asteko eguenean, 08:30ean du udalbatzak hitzordua osoko bilkura egiteko. Eta mahai gainean izango dituen gaien artean, aztergai izango dute datorren urteko zergak edo tasak zertan geratuko diren. Edozelan ere, eta azken ordukorik ezean, joan den hilabetean Eugenio Otsoa alkateak Goienari iragarritakoak aurrera egingo du: datorren urteko tasak izoztu egingo dituzte.

"Jendearen egoera kontuan hartu dugu (krisi sakona…); bestetik, informazio gehienek esaten dute BPGa (Barne Produktu Gordina) ez dela igoko, zeroaren bueltan geratuko dela. Eta azkenik, pentsatzen dugu BEZa ere ez dela gehiago igoko (%21 baino gehiago, jakina). Hirurak batuta, eta aparteko zergarik edo tasarik ez baldin badator, pentsatzen dugu hobe izango dela ohiko tasak (IBIa…) ez igotzea", esplikatu du alkateak izozte horren aldeko erabakia arrazoitzeko.

Salbuespen bat izango dute datorren urteko tasek, hori bai: zaborrei dagozkien zergetan, konposta egiten dutenek jasotzen dituzten hobariak tarifa bilakatuko dira. Edozelan ere, hori gai teknikoa da. Hau da, ez die aldaketarik ekarriko herritarrei.

Kreditu aldaketa

Horrekin batera, bestelako diru kontuak ere aztergai izango ditu udalbatzak hurrengo bilkuran. Kasu horretan, 2014ko aurrekontuan kreditu aldaketa bat egiteko proposamena izango dute mahai gainean.

Zirkulazio arau berriak

Eta osoko bilkura horretara oraingoz eramango dituzten gaien artean, udalerri barruko zirkulazioa arautzeko ordenantza ere orduantxe lantzeko asmoa dute. Laburbilduz, abiadura mugak eta aparkaleku guneak errespetatzen direla bermatu gura du udalbatzarrak ordenantza horrekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak