Gainontzeko herrietan, opor osteko sindromeak aje ederra sortzen duen bitartean, Gatzagan irail hasierari gogor jai giroa jarri diote. Ohiko etxafuego eta kanpai errepika eta gero, bonba japoniarrekin hasi dituzte jaiak bailarako lehen herrian. Plaza opariz bete da, eta gaztetxoak ez ezik, guraso bat edo beste ere makurtu da sorpresatxoak batzera.
Poltsikoak ederto bete eta gero, apar festara joan dira nagusi zein gazteak. Aparretan baina, gaztekoak baino ez dira ibili. Gurasoek lan nahikoa izan dute, euren haurrak zuen apar pila kentzen.
Lehen eguna baina, ez da oraindik bukatu, eta 22:00etan rock jaialdia egongo da plazan. Hala ere aste bukaera osoan zehar, baita astelehenean ere, jai gogoa dutenek Gatzagan asebete ahal izango dute.