Egubakoitzean inauguratuko dute Leintz Gatzagako araztegia

Ubane Madera 2014ko uzt. 17a, 08:00

Leintz Gatzagako araztegiko obrak ekainean bukatu zituzten.

Bihar, egubakoitza, 11:00etan, Leintz Gatzagako udaletxean elkartuko dira herriko saneamendu sare berria inauguratzera joango diren erakundeetako ordezkariak. Handik araztegi berrirako bidea egin,  eta "ekitaldi xume" batekin inauguratuko dute instalazioa. Milioi erdi euro inguru inbertitu dute azpiegitura horretan, eta Leintz Gatzagako herriguneko urak garbituko ditu.

Inaugurazio ekitaldiko parte-hartzaileen artean izango dira Ainhoa Iraola, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta Obra Hidraulikoen Saileko Zuzendaria; Eneko Etxeberria, Ur Kontsorzioko presidentea, eta Eugenio Otsoa Gatzagako alkatea.

Hiru ordezkariek azpiegitura berriaren gainean jardungo dute, eta teknikari batek araztegiaren funtzionamenduaren gaineko xehetasunak emango ditu.

Milioi erdi euro inguru

Bi ekipamendu eraiki dituzte saneamendu sare berrian: 300 metroko kolektorea (ur-zikinak batu eta araztegira eramateko) eta hondakin uren araztegia bera. Iazko abenduan hasi zituzten obrak eta joan den ekainean bukatu. 500.000 euro inguru inbertitu dituzte lan horretan erdibana Gipuzkoako Diputazioak eta Ur Kontsorzioak.

Behin araztegia eraikita, herriguneko ur-zikinak garbituko ditu Deba ibaira bota aurretik. Dagoeneko arazketa prozesua abian dago. Aurrerantzean, Gipuzkoako Ur Kontsorzioaren esku geratuko da araztegiaren ustiapena eta mantenua.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak