Udalerriko gatza laborategira bidali dute

Ubane Madera 2014ko eka. 27a, 09:45

Antzinako gatz fabrikaren bideragarritasuna aztertzeko egitasmoaren baitan, han bertan egindako gatza aztertzera bidali dute. "Alacanteko laborategi kimiko eta farmazeutikora bidali beharra dago, analisia egin diezaioten. Ikusteko zelako emaitzak ematen dituen hemengo gatzak. Añanakoek esan ziguten eurek Alacantera bidali zutela, eta gauza bera egingo dugu", kontatu du Eugenio Otsoa alkateak.

Izan ere, alkatea bera ibili da oraingo astean gatza egiten, gatz gourmeta eta gatz lorea, hain justu ere. Antzinako gatz fabrikaren dorla zaharrean jardun du zeregin horretan. Otsoak jakinarazi duenez, dorla zahar hori gura dute gero gatza egiteko erabili, gatzaren negozioa berreskuratzeko aukerarik izanez gero. Hori abiapuntu, dorla zaharra eraginkorragoa izateko prototipoa lantzen dabiltzala kontatu du alkateak.

Uztailerako, gertu

Saiolanek lagunduta egingo dute haren diseinua, eta orokorrean Gipuzkoako Diputazioa ere badabil Gatzagako antzinako fabrikaren bideragarritasun planean laguntzen, Debagoiena Eraldatzen programaren barruan sartuta dago-eta egitasmoa.

Uztailaren erdialde ingururako entregatu behar dute bideragarritasun plana.

Ur-sareko obrak, adjudikatuta

Bestalde, Leintz Gatzagan egin gura dituzten lanen artean, bertako ur-sarea handitzeko obrak egitekotan dabiltza. Bada, lan horiek dagoeneko adjudikatuta daudela kontatu du alkateak, eta horrenbestez, laster hasiko direla lanean. Bukatu ere bai, ze asko jota, hilabeteko epea izango dute horretarako.  

Arlabanen eginda dago ur-biltegi bat, eta bertara eramanda dituzte erdiguneko ur-hodiak; bada Udalaren asmoa da ur-sare hori handitzea, udalerriaren ur-zerbitzua bera handitzeko.
Kasu horretan ere Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza du Udalak lanok egiteko, dirutan lagunduko dio, hain justu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak