Gaztainuzketaren kasuan, eta Debagoieneko Landa Garapenerako elkartearen diru-laguntza tarteko, aurrekontua zehaztu eta onartu ostean, hasteko moduan egongo lirateke obra horiek. Eugenio Otsoa alkateak iragarritakoaren arabera, eguraldia apurtxo bat egonkortu bezain laster hasi gurako lukete.
Ibilbidetxoak, seinaleek lagundutakoak
Wi-fia eta ziburu-zaburuak jarri gura dituzte Gaztainuzketan. Eta obra aprobetxatuz mendiko laginak hartu gura dituzte, ibilbide txikitxo batzuk egokitzeko. "Arlaban erreka hor dagoela aprobetxatuta, Aizkorri-Aratzeko proiektuaren moduan, pago motzak, arruntak, haritzak, sendabelarrak, perretxikoak… erakusteko ibilbidea. Baita inguruan dagoen karobi bat ere. Hori guztia seinaleak-eta ipinita" (Goiena Papera, 2014-2-28).
Arlabango ur-sarea handitu
Bestalde, Gatzagako Udalak egin gura duen beste obra bat da ur-sarea handitu. Hain justu ere, Arlabanen eginda dago ur-biltegi bat, eta bertara eramanda erdiguneko ur-hodiak; bada asmoa da ur-sare hori handitzea, ur-zerbitzua bera handitzeko.
Kasu horretan ere, badute diru-laguntza lanok egiteko, Gipuzkoako Foru Aldundiarena, hain justu. Beraz, Udalean aurrekontua zehaztu, eta ahal bezain laster hasiko dira obra hori egiten.