Aparkaleku kontuak lantzeko herri ekimena abiatuko dute Gatzagan

Ubane Madera 2014ko mar. 11a, 09:07

Leintz Gatzagan aparkatzeko arazoak daudela eta automobilak sarri txarto aparkatuta egoten direla jakitun, horri konponbidea bilatu guran herri ekimena deitu du Udalak. Eguenean izango da, 18:30ean, kultura etxean.

Eta deialdiaren izenak esaten duen moduan, herritar guztiei dei egin diete bertan parte hartzeko, guztien artean erabakitzeko zer egin ahal den edo zela arautu ahal den aparkaleku kontua.  

Gaur egun Soran etxearen azpiko aldean, haren parean, udaletxeko kalean eta Errosario kalean daude egokituta aparkalekuak.    

Martxoaren 27an, beste bat

Bestalde, beste herri ekimen bat ere deitu du Gatzagako Udalak martxorako. Kasu horretan, garraio publikoa izango dute hizpide; jakina, garraio publikoa Leintz Gatzagari dagokionez. Bada, bigarren herri ekimen hori martxoaren 27rako (eguena) antolatu dute, kasu horretan ere, 18:30ean egin dute hitzordua, kultura etxean, eta herritar guztiei zuzenduta.

Aurrekontuak eta beste

Gauzak horrela, eta udal agintariek iragarritako moduan, aurtengo aurrekontuen, Gatz Museorako egitasmoaren eta txakur kaken gainean jarduteko hirugarren herri ekimen bat egitea faltako litzateke. Hasiera batean, hori ere martxoan egin gura du Udalak. Baina oraindik ez dute behin betiko data erabaki. Zehaztu bezain laster jakinaraziko dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak