Angula porran, esaterako, txiki geratu zen Toki Eder elkartea. Korrika batzordeak antolatutako porran, 100 lagun baino gehiagok parte hartu zuten, eta asko izan ziren bizpahiru apustu eta hortik gora egitera animatu zirenak ere. Bat baino gehiagok lehen aldiz ikusi zituzten bizirik, eta txikienak jolasean ibili ziren, nork harrapatuko. 485 gramo pisatu zuten, eta bi asmatzaile izan ziren: Eugenio Otxoa alkatea eta Bixente Elortza arrasatearra. Gutxienez 300 euro inguruan baloratutako saria bientzako, beraz.
Angulak, bertso-gai
Eta pentsatzekoa zen moduan, angula-saria alkateak irabazi izana aski erraz bihurtu zen ostean etorri zen bazkarirako bertso-gai. Amets Arzallus eta Andoni Egaña izan zituzten gonbidatu, eta sekulako jokoa eman zieten angulek: "Angulen pisua jakitera Leintz Gatzagara etorri behar izatea ere" eta halako ugari bota zituzten, herritarren barre algarak eraginez. Libre antzean hasi ziren bertsotan, baina bazkaritara batutakoak gaiak jartzera animatu ziren segituan. Eta hala, kantatu zuten gatz fabrikaren sorreraren inguruan, besteak beste. Eta makina bat txiste egin zuten Soran etxean bertan gau bat pasatzeko bazkal ostean egindako zozketaren inguruan ere.
Vanesa Gonzalez arrasatearrak ipuinak kontatu zizkien txikienei eta bikain aritu zen hura ere. Korrika batzordetik balorazio oso ona egin dute egunak emandakoaren gainean.