Hark jakinarazi du bertso bazkariak arrakasta izatea espero dutela: "Jende asko etorriko dela uste dugu: 70-80 bat lagun-edo, eta etorriko diren umeendako mahai berezia prestatuko dugu, nagusiengandik aparte eta eurendako propio pentsatutako menu eta guzti".
Sarrerak gaur, barikua, salgai
20 eurotan jarriko dituzte bazkarirako txartelak salgai, gaur (egubakoitza) bertan, Soran etxean, "sarrerak bukatu arte", Urretak esandakoaren arabera; beraz, interesa izanez gero, kontuz ibiltzea komeni.
Bestalde, bazkariaren aurretik trikitilariak izango direla ere jakinarazi du hark, eta bazkal osterako, ipuin kontalaria gonbidatu dutela: "Vanesa Gonzalez arrasatearrak jardungo du. 16:30ean hasiko da, eta ordubete-edo iraungo du. Modu horretan nagusiek lasaiago gozatu ahal izango dute bertsoez" (barre).
Ordutegia eta prezioa
Bazkariko menua ere dagoeneko erabakita dute: sarrerakoak (entsaladak, frijituak…), txipiroiak plantxan edo entrekota aukeran, postrea, ardoa (edo bestelako edatekoren bat) eta kafea. "Hortik aurrerakoa norbere kontura izango da", zehaztu du Rosa Urretak. Orduari dagokionez, berriz, 14:00etan egin dute bazkarirako hitzordua, baina halakoetan gertatzen den moduan, aurretik ere izango da gustura ibiltzeko aukera Soran etxe ingurura gerturatuz gero.
Korrikarekin bat egiteko
Otsailaren 15ean egingo duten bertso bazkaria tradiziozkoa bilakatu da azken urteotan Leintz Gatzagan. "Korrika tokatzen denean, harekin bat egiteko hasi ginen bertso bazkaria antolatzen, baina azken urtetan, nahiz eta Korrika ez izan, berdin-berdin egin izan dugu bazkari hori", esan du Sorginak Elkarteko ordezkariak.