Astero artista bat
Window 135 oso arte-erakusleiho bitxia da: erdi erakusleiho, erdi mikro-erakustoki. Londresko New Cross Road izeneko kale jendetsuan dago kokatuta, etxe bateko beheko solairuan. Jabeak dira Tim Jones eta Meena Chodha, bi sortzaile, oso jantzita artean, musikan eta zineman. Tokia, lehenago, barazki-denda bat zen, baina, etxea berritu zutenean, erabaki zuten erakusleihoa uztea (gaur egun, etxebizitzako egongela da). Txoko horretan kokatzen dituzte jabeek eurek edo beste artista batzuek egindako artelanak. Mugimendu handia dago erakusleihoan: astero-astero aldatzen dute erakusketa. Ander Aranaren lanak astebetez egon ziren ikusgai.
Ikasturteko lehen hiruhilekoko ikasketak Londresen egin ditu Aranak, amak han egin behar zituelako hiru hilabete lanagatik. Abuztuan hara joan ziren aita eta biak, eta erakusleiho aurretik pasatzean geratu egiten ziren artelanak ikustera. Egun baten, erakustoki ondoko atetik bikote bat eta bi ume ikusi zituzten ateratzen. Bigarrenean, harridura argitzeko, eurekin hitz egiten hasi ziren. Horrelaxe ezagutu zuten aretoa. Eskulturak, berriz, premiagatik sortu zituzten. Hortzetako eskuilak jartzeko pote bat behar zutela-eta esne pote bat erabili zuten, eta orduan hasi zen 15 urteko gaztea forma ezberdinetako buruak egiten: txirrindularia, Frankenstein, Ameriketako indiarra, erregea, Elvis Presley, eta abar.
Elkarrizketa osoa eta bideoa, Goio Aranaren blogean: