Datorren urteko aurrekontuak, laster aztergai

2014ko aurrekontuak berbagai izango dira laster udalerrian. Urtea amaitzen dabil, eta halakoetan ohi denez, Udal ordezkariek datorren urterako Udalaren aurrekontua erabaki beharko dute. Eugenio Otsoa alkatea, baina, kanpoan da lan kontuengatik, eta hura bueltatu arte ezer gutxi zehaztu ahalko dute gai horren gainean.

Iazkoa gogora ekarrita, otsailean onartu zuten 2013ko aurrekontua, lehenago herritarrekin parte-hartze prozesu baten bitartez gaia landu ostean.

Dena delakoa ere, alkatea bueltatzen denean erabakiko dute aurten zela jardungo duten aurrekontuen harira. Hori bai, dagoeneko zinegotziei eman zaie datorren urteko gastuen gainean pentsatzen hasteko mezua, eta era berean, erabakita dutena da zela edo hala herritarrei euren iritzia eskatu egingo dietela. Kasu horretan, baina, herri batzarra egin beharrean (iaz moduan), beste aukera bat da Leintz Gatzagako etxe guztietara galdeketa bidali eta haren bitartez jasotzea herritarren iritzia. 

Alegazioak aurkezteko epea

Diru kontuekin segituz, berriz, datorren urteko ordenantza fiskalak ere aipagai dira. Berez, onartuta daude (azaroaren 4an onartu zituzten, osoko bilkuran), eta ezusteko handirik ez bada, behintzat, daudenetan egingo dute aurrera. Edozelan ere, erabakitakoarekin ados ez daudenei alegazioak jartzeko aukera eta epea ematen die legeak. Eta epe hori oraindik itxi barik dago. Datorren astean bukatuko da. Beraz, norbaitek zeresanen bat izanez gero, oraingo astean aurkeztu beharko luke alegazioa.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.