Gatzagarrek 2014tik aurrera %1eko igoera izango dute zerga gehienetan

Ander Larrañaga 2013ko aza. 5a, 13:39

Atzo aurkeztu zuten Leintz Gatzagako Udalean datorren urtean ordaindu beharreko zergen igoeren proposamena. Debagoieneko gainontzeko herrietan bezala, krisiak baldintzatuta hartu zituzten igoeraren zenbatekoaren gaineko erabakiak. Igoera orokorra %1ekoa izango da.

Orokorrean gatzagarrek ez dute igoera handiegirik pairatuko beste herrietan izan diren igoerekin konparatuta: %2ko igoera izango dute herri gehienetan, Leintz Gatzagan aldiz, %1ekoa soilik. Salbuespen batzuk egongo dira zerga berriak aplikatzerako orduan, %0ko igoerarekin. %0ko igoerak orain arteko zerga mantenduko dela esan nahi du.

Salbuespenak izango dira

Ondasun higiezinen gaineko zerga (IBI), jarduera ekonomikoen zerga (IAE), negozioen irekierak eta Gatz museoaren prezioa mantendu egingo dira, beste askoren artean.
Trakzio mekanikodun ibilgailuen tasa %0,5 igoko da lehenengo hiru eremuetan, zaldi potentziaren arabera eta hortik aurrera %1ekoa izango da igoera. Leintz Gatzagako Ogasun Saileko zinegotzia den Mikel Gonzalezek azaldu duenez "%0,5-a igo da soilik ibilgailuen lehenengo hiru eremuetarako, herri honetan bizi denarendako ibilgailua beharrezkoa den zerbait delako. Gainontzeko eremuetan, lur orotariko ibilgailuak, furgonetak, auto handiak eta halako ibilgailuak sartuko lirateke. Ibilgailu hauek beharretatik haratago daudela uste dugu eta horregatik ezarri diogu %1eko igoera".

Ura, zentimo gutxi garestiago

Urak ere %1eko igoera pairatuko du baina aldaketa ez da ikaragarria izango. Leintz Gatzagan hiru hilabetean 27,16 euro ordaintzen da uragatik etxe bakoitzean gutxienez, estolderia (mantendu egingo da) eta ura batuta. Urean aplikatuko den igoera horrekin 27,43 euro ordaindu beharko ditu gutxienez etxe bakoitzak.

Zaborra garestituko da gehien

Tasa gehien aplikatuko zaion alorra izango da zaborra: %3ko igoera jasango du. Hala ere, azpimarratzekoa da autokonposta eta auzokonposta egiten denez herrian, %50eko hobaria jasoko dute herritarrek. Gonzalez zinegotziak igoera honen zergatia azaldu du: "Mankomunitate aldetik esan digute kostua herritar bakoitzeko 113 euro irteten dela. Gu ez gara heltzen kopuru horretara %3a igota ere, beraz, Udalarendako defizita egongo da. Hala ere, herritarrek jasoko duten hobaria kontuan izanda, jaitsiera nabarmena izango da eurendako".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak