Nola definituko zenuke Leintz Gatzagaren izaera herri moduan?
Oso herri txikia da Leintz Gatzaga eta bertako biztanleok oso elkartuta gaude. Harreman handia dugu gure artean, baita Udalarekin ere. Giro polita izan ohi dugu, bai helduok, baita haurrek ere: adin askotariko herritarrak elkartzen gara, eta hori, guztiondako, aberasgarria dela iruditzen zait.
Zein da Leintz Gatzagako egutegian urteko egunik maitatuena, zure ustez?
Abenduaren 24a dut nik gustukoen. Baserriz baserri joaten gara urtero kantuan eta gero herrira jaisten gara gauza bera egiteko. Ohitura polita da, haur zein helduok hartzen dugulako parte: oso egun herrikoia eta elkarlanean igarotzekoa da eta halako ohiturak herri gutxitan mantentzen direla bistakoa da.
Haurrak aipatu dituzu lehen. Hezkuntzan lan egiteko egin dituzu ikasketak, ezta?
Bai, hala da; txikitatik nahi izan dut hezkuntzan lan egin. Oso berezia iruditzen zait haur baten garapena aurrera nola doan ikustea eta prozesu horretan parte hartzea. Miresgarria iruditzen zait egun txar bat nola aldatzen den haur baten kontu batekin edo irribarre xume batekin.
Geroago eta argiago daukat nire etorkizun profesionala haur artean dagoela.
Hezkuntzaren gaiarekin jarraituz, ludotekako begirale zarela jakinda, nolakoak dira, edo izan zarete, Leintz Gatzagako haurrak?
Oso irekiak dira eta gutxirekin konformatzen direla uste dut. Naturarekin oso harreman estua dute haur gatzagarrek eta egunerokotasuneko detaile txikienak ere baloratzen dituzte.
Azken finean, ludotekan zein kalean, adin askotariko haurrak elkartzen dira, ludotekan, behintzat, 2 eta 12 urte bitarteko haurrak etortzen direlako, eta elkarrengandik asko ikasten dutela uste dut, betiere laguntasunez.
Edozelan ere, nik uste dut asko aldatu direla gauzak: nik uste dut lehen, haur nintzenean ludotekan ibilitakoa naizelako, aukera edo ekintza gehiago genituela egiteko. Orain ere badituzte aukerak, baina nik, behintzat, desberdin ikusten dut.
Zure seme-alabak Leintz Gatzagan heztea eta haztea gustatuko litzaizuke?
Duda barik. Ni ere hemen hezi naiz eta beste herri batzuekin konparatuta izugarrizko askatasuna dugula uste dut. Umeak kalean lasai ibiltzen dira eta beste haurrekin oso harreman estua egiten dute; hori oso alderdi positiboa dela iruditzen zait.
Herri ekimenetan ibiltzea gustuko duzula jakina da; izan ere, Sorginak elkarteko kide zara eta jaietan, txosnak eta kontzertuak antolatzen ibiltzen zara. Garrantzitsua da inplikazioa azaltzea, are gehiago Leintz Gatzaga moduko herri txiki bat izanda?
Nik baietz diot. Leintz Gatzaga herri txikia da, eta, azken batean, denon laguntzarekin horrelako ekimenak aurrera atera behar dira. Jaietako egun horiek, esate baterako, denok apur bat lagunduta, samurragoa da aurrera ateratzea.
Sorginek, adibidez, San Milixan azokan taloak egiten dituzte, eta, horrez gainera, herriko beste alor askotan ere parte hartzen dute. Ezinbestekoa da halako taldeak egotea herrian eta guztiok parte hartzea.
Zer behar du gazte gatzagar batek bere egunerokoan?
Autoa da ezinbestekoena, duda barik. Badaukagu garraio zerbitzua, baina oso ordutegi mugatuak daude eta batzuek ordutegi zehatz bat dugu klasera edo lanera joateko.
Horretaz gainera, erosketak egitera edo medikuarengana joan behar badugu, arazo bera dugu. Gazteok, parrandara goazenean, autoan joaten gara; baditugu pare bat autobus zapatu gauean, baina ez digu autonomia puntu hori ematen.