Jakion SL: "Gure produktuak osagarriak dira eta 'Baserrisarea.com'-i esker eskaintza hobetu eta zabaldu egiten dugu; gure arteko elkarlanerako eta elkar ezagutzeko ere balio du"

Imanol Soriano 2013ko urr. 14a, 13:44

Kontserbagintzan dihardu Leintz Gatzagako Jakion SL enpresak. Baina ez du lantzen edozein kontserba mota, baizik eta, gure ibarreko baserrietako nekazaritza jarduera berreskuratu, bultzatu eta indartzeko sortutakoa izanda, (1997ko uztailean) ezaugarri bereziak dituen enpresa da. 

Zela bideratzen duzue zeregina nekazariei laguntzeko?

Batetik, euren fruta eta barazkiak guk erosi eta merkaturatzen, Jakion markaren barruan. Bestetik, baserritarrei eraldatze zerbitzua eskaintzen. Azken horren kasuan, kontserbak egiten ditugu baserritarrendako, eta bi modutara etiketatzen dira: Euskalbaserri produktua bada (baserritarrak alta emanda egon behar du Label edo Euskalbaserri zerrendan), izen horrekin merkaturatzen da. Produktua ez bada Euskalbaserri, berriz, nork bere baserriaren izenarekin edo baserritarrek eurek gura dituzten ezaugarriekin egiten dira etiketak. Azken bi kasu horietan, baserritarrak eurak arduratzen dira produktuak merkaturatzeaz.

Beste ezaugarrietako bat da produktuen naturaltasuna…

Bai. Ez dugu kontserbagarririk erabiltzen. Bertako produktuak kalitatezko moduan ikusten ditugu, eta ikusten dugu bertakoek eta baserritarrek ere asko zaintzen dituztela ekoizpen aldetik lehengaiak, eta ez genuen gura kontserbagarririk erabili. Ahalik eta naturalen egitea zen helburua. Ez genekien hori ezta posible zenik ere, merkatuan ez genuelako ezaugarri horietako produkturik ezagutzen, baina laborategian egindako probetan esan ziguten kontserbatzaile moduan limoi-ura erabilita posible zela. Hala, berduren kontserbetarako gatza eta limoi-ura bakarrik erabiltzen ditugu eta marmeladetarako, azukrea eta limoi-ura. Produktuari lau urteko iraungitze data ematen diogu, eta ez dugu inolako arazorik izan. 

Zuen bidean zertan laguntzen dizue Baserrisarea.com-ek?

Web bidezko aukera guztiek ezagutzera emateko balio dute, gehienbat. Jende gehienak, informazio bila joaterakoan, webgunea erabiltzen du. Guri, berriz, aukera ematen digu denda birtual batean gure produktuak batera egoteko; bestela, nork bere denda sortu beharko luke, eta aukera hobea da denok batera egotea leku bakarrean, produktu gehiagorekin…  Produktuak osagarriak dira bata bestearekin, eta eskaintza hobetu eta zabaldu egiten dugu. Elkarlana bultzatzeko modu bat ere bada, azken batean.  Eta baita elkar ezagutzeko ere, ibarreko beste proiektu batzuk, zela diharduten… 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak