Ehiza barrutiaren enkanterako 60 eskaintza ekonomiko jaso dituzte

Ubane Madera 2013ko ira. 30a, 17:16

Leintz Gatzagako Udalak konfirmatu egin du bihar 16:30ean zabalduko dituztela ehiza barrutiaren enkantera aurkeztutako eskaintza ekonomikoak. Jendaurrean zabalduko dituzte plikak, beraz, interesa duen edozein egon daiteke bertan. 60 eskaintza jaso dituzte, guztira.

Eskaintza guztiak aztertu eta gero, onenei adjudikatuko dizkiote ehiza barrutiak eskaintzen dituen ehiza jardunak: usoa (45 postu), oilagorra (zortzi txartel) eta ehiza larria (20 basurde eta 20 orkatz ehizatzeko baimena).

Bakarrik zorua

Uso postuen kasuan, kontuan hartu beharrekoa da zorua bakarrik adjudikatuko dutela. Hau da, postu horietan ipintzen diren aldamio, parapeto eta bestelako egokitzapen guztiak adjudikatarioaren esku geratuko dira. Eta kontuan hartu beharrekoa da, baita ere, uso postuen zenbakietan berrantolaketa egon dela.

Edozein modutan ere, datozen egunotan erabakiko den enkantearen arabera, lau urterako adjudikatuko die Leintz Gatzagako Udalak bertako ehiza barrutia eskaintza onenei.

Osoko bilkurak azken berba

Hori bai, hasiera batean, adjudikazio proposamenak izango dira oraingo astean egingo dituztenak. Izan ere, proposatutako adjudikatzaileek behin betiko adjudikatzaile bihurtzeko hainbat dokumentu eta obligazio bete behar dituzte; guztia bete ondoren osoko bilkurak behin betiko adjudikatzaile izendatuko ditu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak