Irailaren 30ean (astelehena) bukatzen da ehizarako eskaintzak aurkezteko epea

Ubane Madera 2013ko ira. 24a, 16:29

Leintz Gatzagako Udalak enkantera atera du bertako ehiza esparrua, eta astelehenean, irailaren 30ean (astelehena barne, baina 14:00ak aurretik) bukatuko da eskaintzak aurkezteko epea. Hiru ehiza jardun aterako ditu enkantera: usoa, oilagorra eta ehiza larria (basurdeak eta orkatzak). Prezioak honako hauek dira: usoen 45 postuengatik, guztira, 55.539 euro (BEZa barne); oilagorra ehizatzeko zortzi txartel, 5.808 euro guztira (BEZa barne) eta ehiza larria, 4.235 euro, guztira (BEZa barne). Horiek gutxieneko prezioak dira.

Interesa duen edozeinek parte har dezake enkantean, enpresak izan, elkarteak izan edo partikularrak izan. Eta berdin da nongoak diren. Hau da bertakoa izan daiteke, edo atzerrikoa. Halako baldintzak ez dituzte kontuan hartuko.

Uso postuak, hiru mailatan

Era berean, ehiza jardun bakoitzeko eskaintzak izan daitezke banakakoak edo orokorrak. Hau da, egin daitezke eskaintzak uso postu bakoitzeko edo uso postu guztiengatik batera. Edo oilagor txartek bakoitzeko edo txartel guztiengatik batera. Kasu horretan, txartel bakoitzaren prezioa da 726 euro (BEZa barne).

Usoen postuen kasuan, hiru mailatan daude sailkatuta: lehen mailako postu bakoitzaren prezioa da 1.815 euro; bigarren mailakoena da 1.089 euro eta hirugarren mailakoena, 363 euro. Kasu guztietan BEZa sartuta dago prezioan.

Ehiza larriaren kasuan, berriz, eskaintza bakarra egin ahalko da. Kasu horretan 20 basurde eta 20 orkatz ehizatzeko aukera izango du jardun hori hartzen duenak.

Datorren astean zabaldu

Eskaintzak aurkezterako orduan, berriz, eskatzaile bakoitzak bi gutun-azal aurkeztu beharko ditu. Batean norberaren datuak eta enkantean parte hartu ahal izateko fidantzak sartu behar dira; eta beste gutun-azalean, berriz, eskaera bakoitzarengatik egiten duen eskaintza ekonomikoa.

Behin eskaintza guztiak batuta eta egin beharreko zuzenketak eginda, eskaintza ekonomikoak jendaurrean zabalduko dituzte. Ezustekorik ezean, datorren astean egingo dute hori; dena den, data zehatza finkatzen dutenean, hori ere jakinaraziko dute; izan ere, interesa duen edozeinek eskubidea du gutun-azalen irekieran bertan egoteko.

Informazio  gehiago

Baldintzen edo ehiza esparruaren gaineko informazio gehiago behar duenak Leintz Gatzagako Udalera jo dezake; edo telefonoz deitu (943 71 47 46). Bertako webgunean ere kontsulta daitezke baldintzen pleguak: www.leintzgatzaga.com.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak