Benedicto Elkorobarrutia: "Jaietako giroa asko aldatu da: lehen, dantza askoz gehiago egiten genuen"

Ander Larrañaga 2013ko ira. 24a, 02:00

Benedicto Elkorobarrutia  (1933) ez da edonorekin kikiltzen den horietakoa. Leintz Gatzagan pertsonaia publikoa dela esan genezake, berak kontatu ohi dituen ehunka istorioengatik. Bere gazte garaiko anekdotak ahoan irribarrea duela kontatzen ditu; gatzagar guztiek entzunak dituzte bere istorioak, garai haiek nostalgiaz gogoratzen dituelako beti Elkorobarrutiak.

Zergatik zara horren ezaguna herrian eta inguruetan?

Aita Santua leku guztietan dago eta ni Aita Santu ohia naiz [Barre]. Gatzagan bizi izan naiz betidanik, baita nire arbasoak ere. Orokorrean, jende guztiarekin nahiko ondo konpontzen naizelako izango da. 

Agian, jendeari adarra jotzeko dudan afizioagatik ere izango da; hala ere, niri ere adarra jotzen didatenean, entzun behar izaten ditut nireak...

Nolakoa zen zure bizimodua zure gazte denboran?

Leintz Gatzagako bizimodua oso desberdina zen oraingoarekin konparatuta: batez ere, giroan nabarmentzen dut. Duela 40 urte inguru, gau batean norbaitekin haserretuz gero, hurrengo goizean lagunak ginen berriro ere; orain, haserretu, eta betiko haserre.

Egunerokoa nahiko normala zen: goizean, eskolara edo lanera joaten nintzen; gero, ganadua zaintzen nuen. Txikiteoan ere ibiltzen ginen, baina ohitura hau ez dut askorik aldatu, egia esan; gainera, hiru taberna barik, zazpi taberna ezagutu izan ditut nik Leintz Gatzagan. Noizean behin ere inguruko herrietako festetako erromerietara joaten nintzen lagunekin, neska gazteren batekin dantzan egiteko asmoz.

Bestela, herria nahiko aldatu da. Lehen, herria handixeagoa zen eta askoz ere kanpotar gehiago zegoen: orain ez daude lehen zeuden kanpotarren erdiak ere, gatzagarrak beste ziren.

Erromeriak aipatu dituzu. Dantza-zalea al zara?

Lehen, bai; orain, ez horrenbesteraino. Orkestrak edo soinu-joleak joaten ziren herri desberdinetara. Orduko giroa ezin da gaurkoarekin konparatu: orduan guztiek dantzan egiten zuten musika hasi bezain pronto, eta orain, besteek dantzan nola egiten duten begiratu besterik ez.

Leintz Gatzagan urte osoa pasata, zein da zure urteko egunik maitatuena?

Gaur egun ez dut egun berezi edo kuttunik. Lehengo Andramaixetako hirugarren eguna nuen gustuko nik. Denetik egiten genuen: dantzan, pontxera gonbidatu neska gazteak, lagunekin ardo batzuk hartu... Gainera, inguruko herrietako lagunak ere etortzen ziren.

Gu ere asko mugitzen ginen, batez ere Araba aldera; Landa, Marieta eta Ozaeta dira gehien joaten ginen herriak. Hori bai, bizikletan eta bidezidor txikietatik; orduan ez ginen autoan edo autobusean parrandara joaten, gaur egun egiten den moduan.

Parrandan ibiltzen zinela badakigu. Horretarako lan ere egin beharko zenuen, ezta?

Bai, noski. 15 urterekin hasi nintzen lanean Eskoriatzako Ilun enpresan, lapikoak leuntzen; oinez joaten nintzen, hamar orduz lan egin eta berriz ere oinez bueltatzen nintzen etxera. Sei urte igaro nituen bertan lanean. Ondoren, beste sei urtez Eskoriatzako Zubizarreta lantegian egon nintzen lanean, sarrailak egiten. Azkenik, Fagorren amaitu nuen, prentsan lanean, eta bertan azken 30 urteak egin nituen lanean.

Mila eta bat anekdota kontatzeagatik ezaguna zara. Horietako zein etortzen zaizu orain burura?

Asko ditut kontatzeko, egia esan; hala ere, badut bat gogoan orain momentuan. Sinesteko modukoa ere ez da anekdota hau. Anaiari hanka moztu behar izan ziotenekoa da; hura Tolosan zegoen osatu bitartean.

Lagun bat, Felix Urreta, hura bisitatzera joan zen eta bueltan kristorenak esan zituen: "Gogorra izan da horrela ikustea, hanka barik. Nik barrabilak moztuko ditut!". Hurrengo domekan, Venta Friara joan zen plater tiroketan egitera Urreta, eta bertan, hark ere hanka galdu zuen. Azaroaren 1a zela dut gogoan: ez dut inoiz egun hura ahaztuko, egun hartan gertatu zen kasualitatea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak