Bergararrak eta Altsasuarrak irabazle Dorletako Ama pilota txapelketan

Ander Larrañaga 2013ko ira. 15a, 14:26

Dorletako Ama pilota txapelketa otsaila amaieran hasi eta atzo amaitu zen. Harrezkero, ia 130 partidu jokatu dira eta 80 bat bikotek hartu dute parte. Beteranoen bigarren mailako, beteranoen lehen mailako eta senior mailako finalak jokatu ziren atzo: pasa den asteburuan maila txikiko finalak izan ziren eta gaur gazteen mailako finala izango da.

Atzo jokatu ziren Dorletako Ama pilota txapelketako final partiduak, Leintz Gatzagako pilotalekuan. Ordu erdiko atzerapenarekin, 17:00ak aldera hasita, beteranoen bigarren mailako bikoteek hasi zituzten partidak.

Bergarako Agirrezabal eta Salegik, Arrasateko Arana eta Etxagibel pilotarien aurka jokatu zuten. Arrasatearrek hasiera fina egin zuten: bergararren aurretik ibili ziren 16. tantoan harrapatu zituzten arte. Amaiera grinatsua izan zen: 20. tantoan berdinduta zeudelarik, bergararrek aurre egin zuten txapela eramanaz. Orokorrean, atzeko jokoa gailendu zen ordubete inguruko partiduan, nahiz eta aurrean momentu polit asko eman zituzten.

Beteranoen lehen mailako bikoteek espektakulu polita egin zuten: jokalariek duten maila eta esperientzia agerian utzi zuten, eskaini zituzten tanto eta jaurtiketa ikusgarriekin. Gomez eta Azagirre bergararrek txapela eraman zuten, Anoetako Arrieta eta Etxebarria bigarren postuan utzita. 22-17 amaitu zuten partidua: bergararrak ibili ziren aurrean partidu osoan zehar, hala ere orpoz orpo izan zituzten anoetarrak momentu oro.

Senior mailan, Gasteizko Rodrigues eta Resano, Altsasuko Lopez eta Otamendiren aurka jokatu zuten eta nafarrek eraman zuten txapela etxera. Joko nahiko polita eskaini zuten senior mailakoek eta 8-22 amaitu zuten partidua.

Hotzetan, giro epela

Lehenengo partidua hasi orduko 50 bat lagun inguruk bete zituzten Leintz-Gatzagako pilotalekuko eserlekuak. Publikoak bere indarra eta grina erakutsi zuen partidu guztietan zehar: "Aupa Mondra" bezalako kartelak ikusi zitezkeen eta animo-oihuak entzuten ziren, arrasatear eta bergararrendako gehienbat. Hala ere, esan beharra dago lehen partidua amaituta, eserleku batzuk husten hasi zirela: afizio arrasatearra erretiratu zela bistakoa zen.

Ordu erdiko atzerapenarekin hasi zirenez pilota partiduak, eta hauek ordubete inguru iraunda, 20:00ak inguru amaitu zen azken partidua. Ondoren, sari banaketa egin zuten antolatzaileekin batera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak