Leintz Gatzagako martxarekin, abian da MTB denboraldia

Goiatz Arana Begiristain 2013ko ira. 9a, 12:00

111 txirrindularik parte hartu dute gaur goizean –domeka– egin den Leintz Gatzagako XI. mendi bizikleta zeharkaldian. Euri apur bat eta behe-lainoa izan dituzte bidelagun, baina inolako gorabeherarik gabe joan da. Gaztetatik zaletasuna sortu nahian, haurrentzako ibilbidea ere prestatu dute, eta 30 umek egin dute.

Asteburuko kirol kronikak

Herriko plazan hasi eta bukatu da itzulia eta bi zati izan ditu; 32,6 kilometro, orotara. Aurten, nobedade eta guzti, gainera: Dorletatik Hiruerreketara eta handik antenetara egin dute lehen zatian; eta Goierri eta Jarindo aldera, bigarrenean. Frontoian egokitutako anoa postuan izan dute mokadutxoa egiteko aukera, eta hainbatek oparia ere eraman dute etxera, gazta, urdaiazpiko edota pateak zozketatu baitituzte amaieran.

Erritmo ezberdinak  

Askotariko jendeak parte hartu du proban eta guztiak izan dituzte aintzat antolatzaileek. "Asko ibiltzen direnek kilometro eta zailtasun gehiago eskatzen dizkigute, baina gu partaide guztietara moldatu behar gara", azaldu digu antolakuntzako Alberto Altubek. 

Lokaztuta eta hoztuta

Eguraldiak lagunduz gero, parte-hartzaileak lasai egoten dira itzulia egin ostean, baina gaurko giroarekin apur bat hoztuta heldu dira eta presaka samar ziren, etxera joateko ez bazen ere ahalik eta bizkorren dutxa bero bat hartzeko gutxienez.

Gurutze Gorrikoak bertan izan dira, baina apenas izan duten lanik, ez baita aipatzeko moduko eroriko edo zauririk izan, zorionez. 

Datozen bi hilabeteotan hainbat bizikleta martxa izango dira gure ibarrean; gaurkoa izan da lehena. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak