Herri giroan ospatu dituzte jaiak Gatzagan

Arantzazu Ezkibel Galdos 2013ko ira. 8a, 22:22

Kolorez betetako Andramaixak hasi dituzte Gatzagan; egubakoitzean hasi zituzten jaiak. Eguraldiak jaien hasiera errespetatu egin zuen eta, hori horrela, gaztetxo eta guraso asko elkartu ziren herriko plazan. Porrotx eta Porrotxin, txalaparta, bonba japoniarrak... denetarik izan zuten.

Etxafuegoekin eta txalaparta soinuekin hasi zituzten egubakoitzean Andramaixak Gatzagan. Ondoren, Porrotx eta Porrotxinen bisita izan zuten. Oporretan Orion, Saloun eta Ezcarayn egon ostean, indarberrituta iritsi ziren bi pailazoak San Migel plazara. Koloretako mundua irudikatu zuten Gatzagan. Gainera, Porrotxinen amama ere Gatzagan izan zen eta pailazo bihurrien eskutik marrazki bat jaso zuen. Ekitaldia amaitzeko Maite zaitut kanta ezaguna abestu zuten herriko neska-mutikoen laguntzarekin. Ohikoa den moduan patxoak banatu zituzten amaieran.

Rock kontzertuak

Egubakoitz gauean jende dezente batu zen Drop eta Interprete desconocido taldeen musika entzuteko. San Migel plaza bete zutenak, baina, Gose taldekoak izan ziren. "Euritik babesteko karpa bat jarri dugu eta plaza beteta egon da", azaldu zuen Iñaki Agirreurreta Kultura zinegotziak. Gatzagarrez gain, bailarako herrietatik jende asko igo zen zapatuan Gatzagara.

Zapatuko herri afariak ere arrakasta izan zuen. 180 bat lagun elkartu ziren pilotalekuan. Entsalada, txerri txuletak (40 kilo) eta txerri saiheskiak (40 kilo) izan zituzten afaltzeko. Ondoren, Villarrek gertatutako flana jan zuten. Afaltzen egon zirenek txalo artean hartu zituzten sukaldariak; jana primerakoa zegoen seinale!
Briska txapelketa ere egin zuten: Ainara eta Mari izan ziren txapeldunak eta bigarren geratu ziren Matilde eta Mari.

Otxandioarren bisita  

Domeka goizean, ohikoa den moduan, otxandioarren bisita izan dute. 8:00etan irten dira Otxandiotik eta 11:00ak orduko Gatzagan ziren. Etxafuego artean hartu dituzte otxandioarrak, eta salda beroa eskaini diete. Denera 100 bat lagun etorri dira Otxandiotik.

Dorletako Santutegian meza entzun ostean herri kirolen eta iparraldeko jokoen txanda izan da. Aiako Agustin Landarbidek harriak jaso ditu; J. Mari Atutxak 45 kiloko lasto sakoak jaso ditu; eta, Mutrikuko Fausto Mugarzak enborra moztu du. Jende artean inbidia sortu duen jokoak; hala, Otxandioko bi mutil lastoak altxatzera ausartu dira. Arrasate Musikaleko doinuekin amaitu dituzte jaiak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak