Gaurtik domekara Andramaixak Leintz Gatzagan

Goiatz Arana Begiristain 2013ko ira. 6a, 09:56

Gaur –egubakoitza– hasi eta domekara bitarte jaietan izango dira Leintz Gatzagan eta egitarau oparoa dute. Besteak beste, herri afaria eta Petti eta Goseren kontzertuak izango dituzte zapatuan, eta Big Band-en emanaldia domekan. Atzo –eguena– izan ginen bertan Kultura zinegotziarekin eta azken prestaketa lanetan harrapatu genituen plazan: eszenatokia eta txozna jartzen.

Gaur hasiko dituzte Andramaixak Leintz Gatzagan. Porrotx eta Porrotxinekin, bonba japoniarrekin, txalapartarekin eta kanpai hotsekin emango diete hasiera jaiei 17:30ean. Eta behin festa giroan sartuta, aukerak anitzak izango dira asteburu osoan zehar. 

Gaurko gaua girotzeko, ohi bezala, bailarako taldeen aldeko apustua egin dute. Eta hala, rock kontzertua izango da Arrasateko Interprete Desconocido, Aretxabaletako Drop eta Abadiñoko Kruders taldeen eskutik. Zapatuan, umeentzako puzgarriak, DJ festa eta mus edota briska txapelketa izango dira, egunean zehar; eta gauean, herri afaria izango dute. 170 lagun batzea espero dute. Sabela ondo bete ostean, belarriak goxatzeko aukera izango da Petti eta Goserekin. Eta domekan ere, Ama Birjinaren egunean, askotariko ekintzez gozatzeko aukera izango dute, Otxandiokoen konpainian: meza, herri kirolak, Iparraldeko jokoak eta Arrasate Musikaleko Big Band-ekoen kontzertua, tartean.

Festarako gogoz geratzen denak, baina, izango du gehiagorako aukera. Izan ere, irailaren 14rako jubilatuen bazkaria eta pilota partiduak antolatu dituzte.

Iñaki Agirreurretak, Kultura zinegotziak, Gatzagara joateko gonbitea egin die bailarako herritarrei, jaiez disfrutatzeko eta baita herria ezagutzeko ere. 

Ondoko herrietako udalen laguntza

Atzo hasi ziren udal langileak kontzertuak eta bestelako ekintzak hartuko dituen agertokia muntatzen eta prest dago gaur gauean hartuko dituen lehen emanaldietarako. Ohi bezala, plazan jarri dute agertokia, hori baita jaien erdigunea. 

Herri txikia izanik, Leintz Gatzagako Udalaren azpiegiturak urriak dira jaiei bere kabuz aurre egiteko eta ondoko herrietako udalen laguntza jaso ohi du; Aretxabaletako eta Eskoriatzako udalek utzi ohi dizkiote jaietarako beharrezko azpiegiturak, eta bertako langileek muntaketan ere laguntzen dute. Bada, aurten ere izan du inguruko udalen kolaborazioa eta Aretxabaletako Udalak utzi dio, adibidez, asteburuko kontzertuak hartuko dituen agertokia. 

Oraingoz, kontzertuetarako agertokia eta txosna bakarrik muntatu dituzte, baina gainerako azpiegiturak beharren arabera jarriko dituzte: herri afariko mahaiak eta aulkiak, adibidez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak