Kolorezko gatzez jantzi da Leintz Gatzaga

Zuriñe Velez de Mendizabal 2013ko uztailaren 22a

Gatzaren Eguna egin zuten zapatuan Leintz Gatzagan eta askotariko ekimenak izan zituzten eskuartean. Goizeko lehen orduan Jakion eta Gatz Museora bisitak egin zituzten. Eta herriko plazan, aldiz, txokolatea, gatz dastatzea eta mandala izan ziren protagonista.

Gatz berdea, larrosa, grisa, urdina eta txuria. Mandala egiteko baliatutako koloreak. Gurasoek lurrean marraztutako irudia koloretako gatzez estali zuten herriko neska-mutilek, eta irudi ederra geratu zen plazaren erdian.

Horrez gainera, Sorgiñak taldekoek taloak egin zituzten, barruan txokolatea sartu eta gura zuten guztiek eduki zuten doan dastatzeko aukera. Leintz Gatzagara bertaratutako gehienek aprobetxatu zuten jaki goxoa jateko.

Oñatiko txokolategileak ere egon ziren. Anton Azpiazu txokolategileak ipinitako mahaian azaldu zien interesa zuten guztiei nola egin txokolate zuria, edo beltza... "Gainera, Leintz Gatzagarentzako propio sortutako txokolatea ere ekarri dugu, gatza duen txokolatea". Baina Azpiazuk esan moduan, "gatza beti dago presente jaki honetan". Gozotasunaren eta gaztasunaren arteko oreka bilatzea, hortxe gakoa, oñatiarraren berbetan.

Eta Gatzaren Egunean, gatz dastaketa ere egin zuten. Katia Hueso Gatzaren Ondare eta Paisaiaren institutuko kideak gidatu zuen ekimena eta toki ezberdinetako urre zuriaren xehetasunak azaldu zituen: "Probatzera animatu direnek igarri dute bata bestea baino hezeagoa dela, edo aleak askeago daudela..." Hala, Leintz Gatzaga bertako gatzaz gainera, Frantzia zein Espainiakoa ere bazegoen probatzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak