Juan Maria Makazaga: "Oraingo ordezkariei gomendioak emango nizkieke, baina ez didate kasurik egiten"

Ubane Madera 2013ko abu. 6a, 02:00

Aretxabaletan jaiotakoa (1932), Juan Mari Makazaga Pequeño-k kooperatiban egin du lan erretiratu arte. Ederlanen erretiratu zen, hain justu, baina Zerrajeran jardun zuen aurretik.

Udal kontuetan sartu aurretik, Pequeño, zeinek ipini zizun goitizen hori? Zer dela-eta? 

Jaiotzez Aretxabaletako auzo txiki batekoa naiz, Mendiola baino lehen dagoen Arkarazo auzokoa. Aita ere han jaio zen, eta handik Aretxabaletara jaisteko oinez jaitsi beharra zuen. Hainbat lagun Aretxabaletan geratzen ziren bazkaltzen. Nire aita ni baino handiagoa zen, eta bere lagun bat txiki-txikia. Andra batek behin esan zuen: bati esan behar diot Grande eta besteari Pequeño. Harrezkero Pequeño esan zioten. Eta niri ere bai. Gatzagan nire izena esanez gero, askok jakin ere ez dute egingo zein naizen. 

Herritar ezaguna zarela kontatu didate. Zeu animatu zinen zinegotzi izatera, edo ezagun izatearren eskean etorri zitzaizkizun bila? 

Herri txikietan jendeak ez du nahi izaten halakoetan jartzerik, eta esan nuen neu izango nintzela. Urte mordoan aguazil izan nintzenez, ezaguna nintzen. 

Aguazil? Noiztik? 

Erretiratuta noa 23 urte. Bada, erretiratu ostean bost urtez izan nintzen, eta lehenago beste 14 urtez. Erretiratu ostean 24 orduan lan egiten nuen, edozein ordutan etortzen ziren-eta. Herria oso ondo ezagutzen dut, baina arazoak ere hala izan ditut. Zinegotzi sartu nintzenerako aguazil izateari utzi nion, sei bat urte lehenago. 

Oroitzapen onak utzi dizkizu zinegotzi zereginak? 

Bai eta ez. Herri txikietan jendearekin haserretu egiten zara gauzak behar den moduan egiteko, eta dauzkat oroitzapen onak eta txarrak. 

Uren saneamenduarekin arduratu zinela kontatu didate. Lan handia izango zen hori, ala?

Bai. Lehen demaseko problemak izaten genituen. Iturburu txiki batzuk genituen hartuta, hodiak  zaharrak ziren, apurtu egiten ziren eta ur-ihesak topatzen ibili behar izaten genuen handik eta hemendik… Uren saneamendua ni nengoenean hasi ginen egiten eta hiru ekinalditan egin behar zen. Oraindik bat falta da egiteko. Herri txikietan dirurik ez da izaten-eta… Orain ere bada ur-ihes bat, eta hura topatu ezinda dabiltza. Eta 81 urterekin oraindik ere muturra sartzen ibiltzen naiz. Etxean haserre egiten didate, baina, gustatu egiten zait-eta… 

Gasa ere ekarri omen zenuen…  

Bai. Propanoa. Campsak bonbona handi bat dauka han goian. Baina garestia da gasa, eta jende askok etxeraino eramanda du, baina barrura sartzeko beldurrez dago. Gainera, Udalak egurra ematen du, eta… 

Baserritarrek gertuago jasotzen dituzte orain gutunak zuen sasoiaz geroztik, ala? 

Bai. Udaletxe barruan zeuden postontziak, baina hura arratsaldetan itxita dago… orain etxetik gertuago dute, eta hobeto funtzionatzen du.

Eta udaletxe ondoko ziburuak ere zure sasoikoak ei dira… 

Ni udaletxean nengoela egin ziren, bai, baina beste bat ibili zen: Nerea Maruri. Asko lagundu zigun Nereak. Orain Osintxun dihardu lanean. 

Mugarrien gaia ere landu zenuen… 

Mugarriak jausita zeuden, pistak eginda-edo. Haiek zuzen ipintzen ibili nintzen. Eta gaseoduktoa hemendik pasatu zenean orain 40 urte, mugarri batzuk bota eta aldrebes ipinita zeuden. 

Oraingo udal ordezkariei gomendioren bat emango zenieke? 

Emango nieke, baina kasurik ez didate egiten. Suhia daukat zinegotzi ,eta esanda ere, berarenarekin egiten du aurrera. 

Asko aldatu da Gatzaga zure sasoitik hona? 

2003tik hona asko ez. Aurretik, bai. Orain 41 urte, ni etorri nintzenean zegoen ia guztia hondatuta. Etxeak, udaletxea eta kultura etxea ere bai. Hotelera sartzeak beldurra ematen zuen, Gatz Museoa total jausita… Goitik beherako kale guztia berria da. Arrate tabernatik beherako etxe guztiak berriak dira, Santiago kalekoak berrituta daude… Ederra diferentzia!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak