Bihar, zapatua, baserriz baserri joanda, hurrengo egunerako sortak prestatzeko loreak batzeaz gainera, herriko baserritarrei Sanjuan suaren bueltan antolatutako egitaraua "eskura" emango diete, eta hala "eurek ere badakite zer izango den eta akaso bat edo bat animatuko da parte hartzen. Animatzen den bizilagun kopuruaren arabera, bi taldetan banatuko gara herriko auzo bietara joateko, baina hori momentuan antolatuko dugu. Gabonetan-eta ere egiten dugu halako zerbait, eta lortu dugu baserritarrak erakartzea", kontatu du Inaxio Gabilondo Gurel elkarteko kideak.
Dantza ikastaroa, bihar
Zapatu arratsaldean, berriz, 18:00etan egin dute bigarren hitzordua, talde dantza ikastaroa egiteko, kasu horretan. Gonbitea "0 urtetik 103 urte bitarteko guztientzat" egin dute, "Sanjuan bezperan suaren inguruan dantza egiteko. Momentuan etortzen den jendearekin egingo dugu entsegua", azaldu du Gabilondok.
Ira sortak egin eta banatu
Eta domekan lau hitzordu egin dituzte. Lehenengoa 17:00etan da, herriko plazan ira sortak egin eta etxez etxe banatuko dituzte. "Etxe azpietan lagatzen dira. Hurrengo goizean atea zabaldu eta bizilagunek ira sortarekin egiten dute topo, eta sortak abestitxo bat, Sanjuanetako esaldi bat… izaten du, gainera. Umeek banatzen dituzte atari guztietan. Lurrera botatzen dituzte".
Bideoak, sardina-jana eta sua
18:30ean da hurrengo hitzordua, Labidean, kasu horretan. Gatzagaren gaineko bideo-emanaldia egingo dute. Batetik, 2003an Gatz Museoan txondorra egin zuteneko bideoa erakutsiko dute. "Hunkigarria izango da, bideoan azaltzen direnetako batzuk dagoeneko ez daudelako gure artean". Eta bestetik, Piti panpinaren bideoa emango dute, ogia, eztia eta gazta zela egiten diren erakusten duena.
Horren ostean, 20:30ean sardinak prestatu eta banatuko dituzte plazan. Eta eguna borobiltzeko, 22:00etan piztuko dute Sanjuan sua, eta dantzak egingo dituzte haren bueltan. Eskoriatzako Imanol trikitilaria eta Gatzagako Argitxu panderojolea arduratuko dira musika jartzeaz.