Testamentua eta herentzia kontuak, eta txangoa, erretiratuen eskutik

Ubane Madera 2013ko eka. 11a, 11:02

Nola egiten da testamentua? Zertan datza herentzia? Bi galderok oinarri hartuta, hitzaldia antolatu dute Toki Eder erretiratu elkarteak eta Leintz Gatzagako Udalak biharko, eguaztena. 18:30ean hasiko da, kultura etxean. Jose Luis Amerigo Arrasateko notarioa izango da hizlaria, eta sarrera librea da, interesa duen edozeinendako. Horrez gainera, herriko erretiratu elkarteak txangoa antolatu du oraingo barikurako: Hondarribira egun pasa. 

Gatzagatik 09:00etan aterata abiatuko dira Hondarribirantz. "Han hamarretakoa egin, eta Pasaia ingurutik bueltatxoa egingo dugu. Txalupan ibiltzeko aukera dugu, dena dela, Hondarribira joango garen erretiratuen nahiaren arabera erabakiko dugu ibili edo ez. Gero, asmoa da astirik baldin badago Guadalupera joatea", kontatu du Joxe Gorosabelek, Toki Eder elkarteko bazkideak. 

Bazkari berezia

Xehetasunen arabera, Hondarribin bazkalduko dute, Mauri Zubillagaren elkartean. "Berak prestatuko du bazkaria, izan ere, berak proposatu digu bertan bazkaltzea. Ze menu izango den? Sorpresa da hori, baina sorpresa ona izango dela, seguru", adierazi du Gorosabelek. Bapo bazkaldu eta gero, Gatzagarako buelta hartuko dute, "20:00etarako-edo iritsiko gara herrira; bidean, Zumaia inguruan geratzeko asmoa dugu", esan du Joxe Gorosabelek. 

Prezioa, merke-merkea

Txangoarengatik ordaindu beharrekoari dagokionez, erretiratuen elkarteko bazkide direnek bazkariarengatik bakarrik ordaindu beharko dute, "bidaia elkarteak ordainduko" duelako. Hori bai, bazkide ez direnei bederatzi euro kobratuko diete, autobusean bertan. Izena emateko: Tere (943 71 43 78) edo Joxe (943 71 46 28). 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak