Posible da horrenbeste urtean bake epaile izatea?
Bai, eta pozik nabil. Bi urte geratzen zaizkit orain, baina ez daukat arazorik segitzeko. Ostiraletan hartzen ditut eginbeharrak, eta udaletxera joan behar badut, bada, joan egiten naiz. Dena den, lan handirik ez da: familia liburuak idatzi eta ezkontza zibilen bat edo beste egin… askorik ez, hala ere. Halako gehiago egiten ditu Otsoa alkateak. Dena den, hil honetan badut bat.
Gasteiztik Gatzagara zuzenean etorri zinen bizi izatera? Ze ederra aldea, hiriburutik horren herri txiki eta berezi batera…
Ez, Gasteizen jaio nintzen, baina bizitza Eskoriatzako baserri batean egin dut, Gaztanaduin. Baina ama hemengoa zen [Gatzaga] eta txikitatik etortzen nintzen hona. Oinez etortzen nintzen, gainera, ze lehen ez zegoen-eta autorik… Bisitan etortzen nintzen, gainontzeko guztia hemendik kanpo egiten nuen; ikasi Arrasateko Eskola Profesionalean, pilotan jokatu Eskoriatzan… Baina ezkondu ostean etxea erosi nuen hemen. Badakizu, hau edo gustatzen zaizu izugarri edo batere ez. Pentsa, hemen autoa beharrezkoa da oso, eta nik ez dut gidatzeko baimenik.
Ez daukazu? Hori bai meritua, hemen bizi zarela kontuan hartuta!
Ez, ez daukat, baina andreak badu, eta alabak ere bai. Eta egia da, 20 urtean autobusik ere ez da izan; orain, eskerrak badagoela. Asko hobetu da kontua, eta niretako gehiago!
Eta zelan egin duzu orain artean lanera joateko?
Eskoriatzan egiten dut lan, eta lehengusuarekin moldatu izan naiz. Bion ordutegiak berak dira; horrenbestez… Dena dela, azkeneko hamar urteotan Eskoriatzako kiroldegiko harreran ere egon naiz lanean asteburuetan (otsailean utzi berri dut lan hori), eta kasu horretan bai, hori antolatzeko izan ditut buruhausteak… autoa duen norbait topatu behar…
Pilota kontuak aipatu dituzu. Entzunda dut oso zalea zarela.
Bai. Nik 15 urte nituenean Eskoriatzan jokatzen nuen eta Gatzagan, berriz, urteak eman ditut umeak entrenatzen. Baina lan kontuengatik [astelehenetik ostiralera tailerrean eta asteburueretan kiroldegian] zoratu egiten nintzen. Eta halako batean Maurik [Zubillagak] esan zidan txapelketaren bat antolatzeko asmoa zuela eta hura hasi zen hori egiten, eta nik utzi egin nuen. Oso ondo etorri zitzaidan hura. Bost bat urtean-edo ibili nintzen umeak entrenatzen.
Hamar urtean ibili zara zazpi egunean lanean?
Bai. [Barre]
Pilota txapelketan ez zara ezertan ibiltzen?
Gatzagako jaietako pilota partiduekin laguntzen dut, eta urteroko bazkarian ere ibiltzen naiz laguntzen… Dena den, orain utzi egin dut Eskoriatzako asteburuetako lana; beraz, orain, denbora luzeagoa izango dut, baina beti dago zerbait egiteko.
Txirrindularizalea bazarela ere kontatu didate…
[Barre] Bueno, zalea-edo… Beti egon izan gara inguruan. Talde bat egin genuen. Dorletako Ama Lagun Elkartea da izena. 10-12 bat lagun gabiltza. Alberto Altube da elkarteko presidentea. Gainontzekook Gatzagakoak, Aretxabaletakoak… ingurukoak gara. Eta antolatzen dugu uztaileko lasterketa eta mountain bike txapelketa, Gatzagako jaietakoa. Uztaileko txirrindulari lasterketa, berriz, lehen Gatzagako jaietan izaten zen, baina ikusten genuen txirrindulariak ez zetozela, eta data aldatu genuen. Eta horren ondoren bi lasterketa atera ziren: uztaileko hori eta mountain bikekoa.
Elkarrizketa laburbilduz, zu bizitzan ez zara batere aspertzen!
Ez, ez, ez, ez. [Barre] Eta gainera, hiru ume ditut! Bueno, ume... txikienak 22 urte ditu eta nagusienak, 28 urte.