Gatzagarrek erabateko prestutasuna erakutsi dute auzolanerako

Monika Belastegi Aranzabal 2013ko apirilaren 22a

Udalerriko lau puntutan txukuntze edo konpontze beharra zegoela jabetuta, lanok auzolanean egiteko deialdia egina zuen Udalak, eta baita erantzun aparta jaso ere. "Oso pozik gaude", esan du Asier Ugarte Hirigintza teknikariak; "balorazio oso positiboa egiten dugu. Egin beharreko guztia eta gehiago egin dugu: aurreikusita ez zegoen Gatzagain inguruko bide bat ere garbitu dugu. Udalaren izenean eskerrik asko guztioi".

Nagikeria ohean utzita 27 gatzagarrek egin zuten bat zapatu goizean Udalak egindako deialdiarekin. 

Lau taldetan banatuta, eta beharrezkoak zituzten lan tresnak eskuan, 08:00etan abiatu ziren lanera. Taldeetako batek, Dorletako santutegi ondoan, lurrean azaldutako zuloak konpondu zituen eta baita harrizko horma bat garbitu eta zementu apur batekin txukundu ere; beste batek, Artzainen xenda deritzona txukundu eta garbitu zuen; hirugarrenak, Pagoeder inguruan hondatutako mahai eta aulkiak konpondu eta ingurunea eta iturria garbitu; eta laugarrenak, Gaztainuzketako karobia garbitu zuen. Udazkenean auzolanerako beste deialdi bat egingo dute.

Pagoederreko mahaiak konpontzen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak